Diarrea bezala zabaldu dira iritziak hango eta hemengo prentsan Joseba Sarrionandiari Euskadi Saria eman diotela jakinarazi ostean. Batere gogorik ez horiek komentatzeko, Alberto Moyanok dioen moduan, Sesame Streeteko ikusleek ere behar ez dituzten azalpenetan sartzea baita: “Idazle batek egindako delituek ez dute bere obra hobea edo okerragoa egiten”.
Eta zer esan Eusko Jaurlaritzak bidalitako oharraren excusatio non petitaz: leitzen duzu sarrerako esaldiaren isatsa (“… ez du idazlearen literatur balioa zalantzan jarri nahi”) eta bi gauza gutxienez pentsatzen dituzu. Bat: nahi-nahi, ez duela ezer zalantzan jarri nahiko, baina esaldi hori idazte hutsarekin zalantzan jartzen duela dena. Eta bi: literatur balioa testuek izan beharko luketela, ez idazleek, ezta?
Azken hori iruditzen zait auzi honen iltzea, oker-bihurrika sartua eta herdoiltzen hasia: literaturan obrek geroz eta gutxiago inporta dutela, egileek jan dutela terreno guztia. Iratxe Retolazak azaldu zuen kontu hau oso argi Berrian argitaratu zutabe honetan:
Literatur testuaren irakurketa bainoago, presentzia literarioak dira nagusi, eta presentzia literario horien hartzaileak dira nagusi, eta ez literatur testuen hartzaileak. Esaterako, literaturaren inguruko eztabaidarik gehientsuenak idazleen elkarrizketen, idazleek idatziriko iritzi-zutabeen eta idazleen jarreren ingurukoak dira, eta ez literatur testuen ingurukoak. Hedabideetan (izan paperezkoetan, izan digitaletan) presentzia literario horiek hedatzen dira (idazleen irudiak, idazleen adierazpenak, idazleen posizioak…), eta ez literatur testuen inguruko irakurketak edo gogoetak.
Sarrionandiaren presentzia da Espainiako iritzi-giroa aztoratu duena, ez bere liburua, ez aurretik idatzi duen beste edozein liburu. Seguruena, atzo Ander Iturriotzek Azpimarra saioan seinalatu zuen moduan, ETAren amaiera gertu dagoela dirudien honetan, PP-PSOE ententea “garaile-galtzaile” narratiba eraikitzeko borroka betean dabilelako eta puzzle horretan enkajatzen ez duen piezetako bat Sarrionandia bera delako (“Hiltzaileek” hil egiten dute, ez liburuak idatzi! Liburu onak? Are gutxiago! etc. etc.).
Edonola, onartu beharko da partidua kontrako angelutik jarraitzen ari garenok ere antzera jardun dugula: edo gezurretan ari al naiz esaten badut Sarrionandiaren mitoa guk ere puztu dugula, testuak bigarren, hirugarren, laugarren planoan utziz? Hor dago problema: literaturak ez duela ezer inporta gehienetan. Hemen literaturak huts-hutsean ez duela balio, ezta liburuak saltzeko ere.
PS1: Barka Aingeru Epaltza bera ere baikor esnatu den egun honetan, nik hain ezkor bukatzea artikulua.
PS2: Umore gehixeagorekin aritu ginen presentzia literarioen kontu honetaz duela ez hainbeste.
7 Iruzkin
Baina zenbat buelta!
pentsatu dezakegu baita ere, saria krisiagatik eman diotela Sarriri, beraiek esan bezala, bere “egoera legala” erregulatu arte, dirua ez baitiote emango.
Krimen perfektua da…
noski ez duela literaturak inporta.
bestela zer dela eta mario onaindiaren izenean eman berri diote behin idazlea izan zen eta egun tertuliana ofiziala den urretabizaya andereari sari bat?
idazlea delako? eta literatura aitzakipean mafiak bere kideak saritzen dituelako?
Bai, arrazoi, igual buelta gehiegi eman dizkiot kontuari, baina Sarriren presentzia guk ere izugarri puztu dugula esatea ez zait gehiegizkoa iruditzen. Gaurko Onintza Enbeitaren zutabeak, kasu, “Sarri mitoa” handitzeko balio du, liburuak aipatuz, ados, baina literaturaz ahaztu eta idazlean zentratuz. Pasarte bat:
Desmitifika dezagun pixka bat, bestela, Ibon Egañak Akordatzenen kritikan idatzi zuen moduan, kasik hildako idazle bati buruz bezala ari gara Sarrionandiaz hizketan. Eta ni ez nago prest.
Arrazoi du Retolazak. Lehenengo idazlearen izena irakurtzen dugu eta bertatik sortzen gure baitako galbahea.
Beharbada Sarrionandia puztu dugu, edo zergatik ez, erabat mitifikatu. Dena den, lan bikainak egin dituela ezin uka; hainbat eta hainbat euskal idazle bikainen taldean sartu baitugu.
Sarrionandia beti defendituko dugu, geure-geurea delako.
Baina… Defendatzaileon izenak ere Retolazak definitzen duen galbahe horretatik pasatzen al ditugu?
Edo beste era batera izanda: Eider Rodriguezek espainiar estatuko Público egunkarian idatzi du, espainolez, Somos moros artikulua:
http://www.publico.es/culturas/399731/somos-moros
Eider Rodriguezek Publicon idazten du eta txalotu egiten dugu. Kontraesanak gaindituz, aukera izan eta bere iritzia espainiar estatura zabaldu duelako.
Guztiok pasa dugu Rodriguez gure galbahetik. Gutarra da.
Baina zer, Eider Rodriguez beharrean beste idazle bat izango balitz Publicon idatziko lukeena? Larrutu egingo al genuke?
Idazlea beti pasatzen dugu galbahetik. Izan bere idazlanengatik, izan bere jokabideagatik.
[…] ibili ditugun hiru erreferentzia, Gorka Bereziartuak bere blogean idatziriko artikulua, Eider Rodriguezek Publico egunkarian argitaraturikoa eta […]
Erabat ados nago, Gorka, idazlea guk geuk ere mitifikatu dugula diozunean. Niri oraindik bitxia egiten zait —hozkia ematen didala esango nuke— askok eta askok beretaz hitz egitean ‘Sarri’ ezizen lagunkoi eta hurbilekoa erabiltzen dutenean paparra ondo puztuta, haren lerro bakar bat ere irakurri gabe…
[…] Bigarrenik, lehenago aipatutako hari bati egin nahi nioke tira, hain zuzen, obra baten balioa neurtzean irizpide literarioak ez lehenestearen gaiari. Gogoan izango duzue, zalantzarik gabe (eta bestela hona Berriako artikulua memoriarentzat freskagarri), 2011ko Euskadi saria saiakeraren alorrean Joseba Sarrionandiari eman ziotela, Moroak gara behelaino artean? (Pamiela, 2010) lanagatik. Gogoan izango duzue, Jaurlaritzak sariaren dirua atxikitzea erabaki zuela, beraien hitzetan Sarrionandiak justiziarekiko egoera erregulatu arte eta ondoren, kalapita itzela sortu zela bi erabakien inguruan, bai epaimahaiarenaren zein Jaurlaritzarenaren inguruan. Gogoan izango duzue eztabaiden muina ez zela saiakeraren beraren literatur balio aparta izan. Behe-laino trinkoan galduta zebiltzan zenbait, hori ezin uka. Literatura bazter utziz batez ere Sarrionandiaren militantziari garrantzia eman ziotenen jarrera kritikatu zuten hainbat ere izan ziren, besteak beste Gorka Bereziartua Argia aldizkariko Boligrafo Gorria blogean. […]