The Simpsons telesaila datorren udaberrian amai liteke, saioa egiten duen taldeak soldata %45 murriztea onartzen ez badu. 23. denboraldia ari dira pasatzen AEBetako telebistetan aurten, baina haltzak ez badu bihotzik, zera izango dute Fox kateko buruek, eta patrika estutzeko eskatzen hasi dira, saioa egitea ez baita merke-merkea ere (eta krisi garaiotan badakizu nola funtzionatzen duen asuntoak: moztu zuk hemendik eta moztu, berriz ere zuk, handik). Kapituluen bukaerako kredituetatik ezagutuko dituzu Dan Castellaneta, Hank Azaria, Nancy Cartwright edo Yeardley Smith izenak, marrazkiei ahotsak jartzen dizkieten aktoreak dira; ba, bakoitzak 8 milioi dolar inguru irabazten du urtean (alegia, 6 milioi euro-edo).
Gehitu horri gidoilari, marrazkilari eta gainontzeko langileak eta parean edukiko duzun diru-mendia ez luke Juanito Oiarzabalek ere igoko (eta jaitsi, zer esanik ez). Zailagoa da ordea ekartzen dituen diruak kontatzea: mundu osoko kateetan jartzen dituzte simpsondarren komeriak, ondo pagatuta; eta merchandisinga ere ederki zukutu dute: panpinak, bideo-jokoak, DVDak eta tankerako parafernalia. Aktoreak prest daude soldatan artaziak sartzeko %30eraino, eta trukean saioak pantailatik at ematen dituen sarrera horien portzentaje bat eskatzen dute, ez oso handia dirudienez. Foxek ezetz dio.
Garai bateko audientziak lortzen ez baditu ere, Foxen programazioan balore segurua da oraindik Matt Groeningen komedia, hortik murrizketak eskatzea saioa bukatutzat eman ordez. Ezin jakin nola bukatuko den kontua, baina negoziazioek erreka jo eta saioa amaituko balitz, gutxienez badakigu Homer Simpsonek zer abestuko lukeen.
PS: Bai, artikulu hau disimuluan-disimuluan idatzitako #teknopatafacts bat izan da.
Eguneraketa (2011-X-9, 13:11):
Badirudi post hau idazten ari ginen egunean bertan konpontzen hasia zela problema. Aktoreek murrizketa onartu dute, baina ez da Foxek proposatutakoa bezain handia izango.