'Fikzioaren izterrak': ariketa metaliterario bat

Gorka Bereziartua
2

Ur Apalategi (argazkia: Dani Blanco, ARGIA)

Ur Apalategik jaso duen literaturako Euskadi Sariak ez du Sarrionandiarenak bezalako zalapartarik sortuko beharbada, baina ez pentsa horregatik punta atera gabe geratuko garenik. Fikzioaren izterrak liburuan agertzen diren pertsonaiak asmatuak izan arren, lasai asko eraman zezakeen sarreran honako oharra: “Jarraian aipatuko diren pertsonak eta esplikatuko diren gertakariak egilearen fantasiaren emaitza dira. Euskal literaturako benetako gertakariekin antzik izango balute, paralelismoa ez litzateke nahita egina, ezta kasualitatez ere: erabat saihestezina zen”. Paralelismo saihestezinok irakurleari fikzio-errealitate jokorako karta asko emateaz gain, nire kasuan behintzat, gose ase ezin bat ere sortzen dute. Antzeko ipuinak idazteko gosea, alegia. Hasi ere, hasi naiz batekin baina bukaera asmatu ezinda nabil.

Ea zer iruditzen planteamenduta:
Idazlea da nire ipuineko protagonista eta telefono dei batekin hasten da kontakizuna: “Zuk idatzitako Ipuinen bernak liburuak Euskadi Saria irabazi duela esateko deitzen dizut” dio ahotsak beste aldetik; “hurrengo astean egingo dugu publiko albistea” dio jarraian eta “abisatuko dizugu saria emateko ekitaldia noiz izango den” azkenik. Solasa ez da gehiegi luzatuko, tonu formal desinfektatuan ariko dira idazlea eta Jaurlaritzako ordezkaria. Baina telefonoa gakotzean, saritu berriari ez zaio irribarrerik jaiotzen. Ez dago triste, ez da hori; sari bat eman diote eta nori ez zaio errekonozimendu publikoa gustatzen; baina ekitaldian esan beharko dituen hitzekin kezkatuta dago.
Flasback bat hemen, kontatzeko aurretik idazleak Goierriko Liburua izeneko saria ere jaso zuela obra berarengatik. Orduan ez zuen halako kezkarik buruan: golardoa hartu eta hizketan hasteko bere ipuin bat aipatu zuen, Tribunal literarioa titulukoa. “Ipuin horretan deskribatzen den funtzionamendu arbuiagarriaren susmopetik aske geratzen da sari hau eta, ondorioz, berau onartzea errazagoa da niretzat, ez bainau kontradikzio batean sartzen. Oso pozik eta bihotza arin jasotzen dut”.
'Fikzioaren izterrak' liburuaren azala

Berriro bueltatzen gara telefonoa gakotu osteko unera. Argi dago orain ezingo duela esan, Goierriko Liburua jasotzean bezalako lasaitasunez funtzionamendu susmagarririk ez dela egon tartean: Kanpora Euskadi Sariak manifestua atera zenetik behin eta berriz jarri da zalantzan Euskadi Sarien funtzionamendua. Eta beraz, saria jasotzean hitz batzuk esan beharra, garbi adierazteko, putakeria galanta iruditzen zaio. Speecha prestatzen hasiko da halako batean eta bizpahiru ordutan folio erdia baino ez zaio aterako. Asko neurtu du hitz bakoitza. Ez dago Goierriko Liburua jaso zuenean esandakoen aipamen bakar bat ere. Pentsatu du, berak aurkeztu zuela obra Euskadi Sarietara eta beraz orain haien funtzionamenduaren kontura bazterrak nahasten hastea ez dela egokia.
Baina idazlea ez dago erabat kontent jarrera horrekin: bere iritzia argi azaldu izan du beti eta ez zaio iruditzen liburua sarira aurkeztu izanak ezer isiltzera derrigortzen duenik. Saria jasotzean beste zer edo zer esan beharko lukeela uste du, momentuan deserosoa gerta daitekeen arren, are deserosoagoa (eta ezin nekagarriagoa) iruditzen baitzaio denekin ongi geratu nahian ibiltzea. Beraz, bigarren diskurtso bat prestatu du, hitzak ondo neurtuz hau ere, baina Kultura Sailaren azken urteetako jardunarekin kritiko.
Ekitaldiaren egunera egiten du salto narrazioak. Buelta asko eman dizkion arren, idazleak ez du erabakirik hartu oraindik, eta etxetik atera baino lehen bi diskurtsoak inprimatu ditu. Matrix filmeko eszena bailitzan, sobre urdinean sartu du lehenengoa eta sobre gorrian bigarrena. Ahots batek esaten dio: “Sobre urdina zabaltzen baduzu istorioa bukatzen da, baten batek zurikeria leporatuko dizu baina trukean mutiko zintzoa izatearen abantailak eskainiko dizkizute erakunde publikoek eta haiei lotutako agente kulturalek: dirua, ospea, drogak, sexua… [OHARRA: hau findu beharko litzateke, agian]. Sobre gorria zabaltzen baduzu, besteen taldean sartuko zaituzte, ‘betikoak’ edo ‘ezker abertzalekoak’ edo (ez publikoki baina) ‘idazle filoterroristak’ esan izan zaien talde horretan; baina trukean, beti esan ahalko duzu koherente jokatu zenuela eta Euskal Herriak ez dizula inoiz nahikoa eskertuko zure erabakiaren irmotasuna [OHARRA: hau ere txukundu, bide batez]”.
Ipuinaren amaieran gaude beraz eta idazlea daukagu, golardoa eskuan, hitz egiteko gertu. Eta hor nago trabatuta: ezin erabaki sobre urdina hartuko duen ala gorria. Inozokeria da, badakit; zirt ala zart eginarazi beharko nioke pertsonaiari, ez dauka hainbesteko garrantzirik, hau ipuin baten planteamendua besterik ez da eta ez dauka errealitatearekin inolako zerikusi… Oh, wait!

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA