Sautrela ere ez: zer geratzen zaigu ETB1en?

Gorka Bereziartua
18

ETB1-en logotipoa

Goizean Twitterreko mezuen artean notizia, eguraldia bezain txarra, udazkenean ez dela Sautrela saiorik egongo Durangoko Azokari buruz egingo duten programa berezia salbu. Literaturari buruz Euskal Telebistan geneukan programa bakarra gabe geratu gara beraz, horrela, batere zalapartarik gabe, zizpuru batean, orain bai eta orain ez. Galdera: inori pasa al zaio burutik zer gertatuko zen, Sautrela ordez igandeko futbol saioak edo ostiraletako pilota partiduak kenduz gero?

Galdera gehiago: literaturari buruzko saiorik ez, baina artzain txakur lehiaketak ikusten segituko al dugu ETBn? Literaturari buruzko saiorik ez, baina erlijio katolikoari eskainitako programak jasaten jarraituko al dugu telebista publikoan? Literaturari buruzko saiorik ez, baina programa beraren goiz, eguerdi eta arratsaldeko errepikapenak bai? Kontua ez da berria, hori ere egia da, eta tristea da zenbaitzuen kritikak ikustea, ematen baitu egoera orain bihurtu dela kezkagarria, audientziak behera doazenean; eta ez duela, demagun, hiru, lau, bost urte, programazio arrunt eskasa edukita ere pantaila-kuotatxoa nola hala mantentzen zenean.
ETB3 genuen esperantza, aspaldi euskaraz halako eduki berritzailerik ikusi gabe: Nickdutnik, Orain, Ipupomamua, Zinematekako filmak bertsio originalean azpitituluekin… Sautrela bera ere prime timean eskaintzen hasi ziren astelehenetan, ez siestarako egokiagoa den larunbateko bazkalostean. Inuzenteak gu, pentsatzen genuen hortik etor zitekeela euskarazko telebista publikoaren berpizkundea. Baina artaziak sartu, baliabideak urritu eta marrazki bizidunen kontainer bihurtzeko bidean jarri dute EITBko xefek. Audientzia datu on bat azaltzen bada paparra puztu, hala ere; ez dadila esan jada ez ditugunik aprobetxatzen 1988 inguruan erosi genituen marrazki bizidun horiek.
Gaurko notiziarekin nik behintzat motibo bat galdu dut ETB1 ikusteko. Eta geratzen zaizkidanak ere beharbada galtzen joango naizenez, purrustada botatzea ez da kalterako. Ez dadila esan gutxienez, kexatu ez garenik.

18 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA