Ezpainak beti bustita dituen gizona Espainian jaun eta jabe egin denez, atzeratu erlojuak, ez udazkenean bezala, ordubete, atzeratu hamaika urte. Aznarren 2000. urteko garaipena dator memoriara PPren gehiengo absolutua ikusita eta Don Beldur askoren etxeetako korridoreetatik promenatzen ariko da gaur, Aznarismoaren hats higuingarria bibote azpitik boteaz. Bitartean, hemen dago optimista izan nahi lukeen bat teklak jotzen, pentsatu nahian Marianismoa ez dela izango Aznarismoaren kopia berritua bakarrik.
Bai, egia, Rajoy Erreinuaren periferiako frankismo soziologikoaren kumea da. Aita magistratua zuen, Pontevedrako (Galizia) Entzutegi Probintzialeko presidentea; aitona 1936ko estatutu galiziarraren idazketan parte hartutakoa. Ez dator hutsetik Mariano, elektrizistak baino entxufe gehiago zeuzkan eta bata bestearen atzetik, Kantauriko euria bezala erori zitzaizkion zinegotzi kargua 20 urterekin, Diputazioko presidentzia 28rekin, Xuntako presidente ordearen eserlekua 30ekin eta apur bat beranduago, idazkaritza nagusia, artean izenean ere kutsu falangista galdu ez zuen Galiziako Alianza Popularren. Badu abildadea mutilak eskaileran gora egiteko, bestela zaila da horrelako ibilia egitea Manuel Fragaren begiko izan gabe (eta Rajoy ez da).
Probintzietatik kapitalera joko du Tonino Carotoneren kantako beste Mariano hark bezala, baina Rajoyri ez diote karterarik lapurtuko, eman baizik, bat, bi, hiru, lau eta bost ministeriotan. Ez du gaizki egingo, ezta ondo ere, inon ez dute pasioz maitatuko baina ez du gorroto itsurik piztuko. Sigi-saga, barka, shigi-shaga, airoso aterako da gobernantzaren tranpa gehienetatik, baita bere aberri txikerreko itsasoa petroliozko putzu Prestigeotsu bihurtzean ere, “plastilinazko haritxoak”, ezer larririk ez.
Eta halako batean Aznarren atzamarrak —guraize horrek— mintzaira hezeko galiziarra seinalatuko du PPren tronura igotzeko. Zergatik zuen bibotedunak Mariano seinalatu? Ez da burugabea pentsatzea Aznarrek norbait apala xerkatzen zuela boterearen jostailua pixka batean uzteko, berak Georgetowneko gerizpetik urruneko agintailuarekin manatzen jarraitu eta momentu egokia iristean Espainiaren Bigarren Salbazioari pertsonalki ekiteko. Azken finean, Mariano Rajoyri abildade bakarra ezagutzen zaio, gaita galiziarrak daukan huraxe: soinu berdin-berdina ateratzen duela ezkontzetan eta funeraletan. Egiten dituen keinu guztiak ditu kontra, antxume errariaren begirada babesgabe hori, dagoenean ere ez dagoen itxura emateko mania hori.
Baina artikulua hasi dugu esanez Marianismoa ez dela izango, edo ez duela zertan izan, ez genukeela nahi izaterik Aznarismoaren kopia hutsa. Frogak badira, baikor izan nahi duenarentzat behintzat, erakusten dutenak Genova kalean gauzak zertxobait aldatu direla Rajoy bat zenbakira aupatu zutenetik ia zortzi urte pasa diren honetan. Euri asko egin baitu eta ez bakarrik prentsaurrekoetan Marianoren listu espontaneoen pean esertzen diren kazetarien gainean. Zakur, arratoi, suge eta dragoi, denak bezatu ditu Rajoyk 2004tik hona karguari eutsi eta Aznarren ekipotik jasotako zamak gainetik kendu bitartean.
Aurrena kendu zuen, gauzak ulertzeko organoa matxuratuta jaio zen Angel Acebes. Gero kendu zuen solariumaren eraginez gizon laranjen arrazako bihurtu den Eduardo Zaplana. Eta horrela, pixkanaka-pixkanaka, PPren buztinak bere gisara moldatzen joan da, bizkarretik Esperanza Aguirre bezalako aznaristek eman nahi izan dizkioten labankadak saihestuz, bere estiloan, ezer pasako ez balitz bezala. 2008ko PPren kongresutik aurrera ibiliko da lasaiago, behin Aguirre jabetuko denean alderdiaren buruzagitza lortzen saiatzeak lehia kaindarra eragingo lukeela Madrilgo peperoen eta Espainiako Estatuko gainontzekoen artean. Kentzen eta jartzen segiko du Rajoyk, lasaiago, hortik aurrera: kendu Maria San Gil Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako PPren buruzagitzatik eta jarri Antonio Basagoiti; kendu Daniel Sirera Katalunian eta jarri Alicia Sanchez-Camacho; kendu, kendu, kendu, Carlos Aragones, Gabriel Elorriaga, Gustavo de Aristegui. Eta konturatzerako Aznarren soldaduak erretagoardian daude, Rajoyk manifestazio, garrasi eta panderetan oinarritutako oposizioa bazterrean utzi du eta ekonomia besterik ez du ahotan, soluzio zehatzik eman gabe, baina alderdiaren Masa Oihularia isilduta (adierazpen airatuen terrenoa Esteban Gonzalez-Pons valentziarrari utzi dio esklusiban).
Hauteskundeak ere bere estiloan irabazi ditu Rajoyk, irabazi gabe. Kontrarioa erabat hondoratu ez balitz, PPren emaitzak ez ziren hain ikusgarriak izango, zenbaki absolutuetan 2008ko boto kopurua pixka bat, gutxi, oso gutxi hobetu besterik ez baitu egin. Horrelakoa da Rajoy, meritu handirik egin gabe gauzak lortzen dituen gizona. Deskuiduan handik pasatzen zena. Hitz bat bestea baino altuago esaten ez duena. Baina inoiz azaldu behar zuen Marianismoak eta orain du momentua. Gehiengo absolutua lortuta eskuak libre ditu berba bustiko galiziarrak, politikak nahieran diseinatzeko, kentzeko eta jartzeko, eramateko eta ekartzeko. Alderdi barruan ere inork gutxik jarriko du zalantzan eta beharbada, horri esker, ikusiko dugu PPren itzal frankista behin betiko desagertzen. Edo beharbada ez. Eta beharbada ikusiko dugu Euskal Herria egurtzeko makila armairuan gordetzen. Edo beharbada ez. Aznarren azken arrastoak desager daitezke betirako, beharbada. Edo beharbada ez. Eta beharbada ikusiko dugu baikor izateko intuizioak benetako motiboak zeuzkala. Edo beharbada ez. Zeren arabera, noren arabera, gauza arraroagoak ikusitakoak gara, inoiz ez da jakiten, ikusi beharko, datorrena datorrela, joanak joan (barka artikuluari hain amaiera galiziarra emateagatik).
4 Iruzkin
artikulu earra gorka! gozau ein diat leitzen.
Akordatzen Santiago López Valdivieso eta Ignacio Astarloa Huarte-Mendicoaz? 2003ko otsailaren 19-20ko gauan gure etxeetan bahitu gintuztenok ezingo genituzke ahaztu. Horra, bada: Santiago López Valdivielso senadore da Valladoliden hautaturik, eta Ignacio Aldekoa diputatu Madrildarren botoz. Immunitatea, zer gerta ere.
Bi horien izenak eskapatu zitzaizkidan eta arrazoi duzu, bai, oraindik geratzen dira Aznarren arrasto dezente Rajoyren PPn, ukiezinak, nonbait. Beheko albiste honetakoak irakurtzea besterik ez dago “optimismo”-tik pesimismora pasatzeko.
http://www.elmundo.es/elmundo/2011/10/14/espana/1318597455.html
El Mundo egunkariaren argazki horretan erdian ageri da Madrilgo diputatu izendatu berria. Haren aita Estebanek euskaratu zuen -Madrilen!- “El Caserío”. Euskaratu eta kantatu:
http://lazarzuela.webcindario.com/BIO/astarloa.htm
Txiste errez-beltzak hurrengo batean.