Shelagh Delaney hil da

Gorka Bereziartua
0

Shelagh Delaney

“Hori baino hobeto egin dezaket nik” esan omen zion bere buruari Shelagh Delaneyk, Terence Rattiganen Variations on a theme antzezlana ikusi ondoren eta 18 urte besterik ez zituela lehenbiziko obra idatzi zuen, A taste of honey, agian distiratsuena, teatrorako, telebistarako eta irratirako egin zituen testu ugarien artean. Igandean hil zen minbiziak jota 72 urte bete gabe.
1958koa da lana, Manchesterreko aldirietan dago kokatua eta bi ahizparen istorioa kontatzen du. Sexu-truke jasotzen du dirua Helenek, zaharrenak; ahizpa gaztea, Jo, bakarrik bizitzeko gogoz dago, horretarako eskola utzi eta lanean hasi behar badu ere. Gehitu tartean Helenen “mutil-laguna”, Jo haurdun utziko duen marinel beltza, antzezlanaren bigarren partean azalduko den pertsonaia homosexuala eta ez nahastu gehiago, koktela egina dago: garaiko genero, sexualitate, klase eta arraza estereotipoetan hatza sartzen asmatu zuen Delaneyk, puska bat beranduago antzeko istorioak kontatzen saiatu diren frankok baino modu originalagoan egin ere.
Delaney, The Smiths taldearen 'Louder than bombs' diskoaren azalean

The Smiths taldean arrastoa utzi zuelako izan nuen aurrenekoz Delaneyren aditzea, Jorge Gil Munarrizen Morrisey & The Smiths: hildakoan izango naiz famatua! liburuari esker (Paper Hotsak, 2008). Morrisey behin baino gehiagotan oinarritu da Delaneyren testuetan, A taste of honeyn batez ere; berbarako, This night has opened my eyes kanta teatro obraren istorioa berriz kontatzeko saioa da. The Beatlesek ere badu antzezlanaren titulua daukan kanta bat, 1961ean egin zuten filmerako prestatua, nahiz eta nire uste harroan The Smithsenarekin alderatuta arintasun jasanezina duen.
Baina itzul gaitezen idazlearengana, zoritxarrez tartea baitago Delaneyren hastapeneko lanaren eta ondotik egindako bidearen artean. Gidoi dezente idatzi zituen BBC irratirako eta telebistarako, ipuin laburrak argitaratu ere bai, baina aurreneko obran ainguratuta geratu zen, hura izan da beti idazlearen erreferentzia nagusia eta horregatik akaso, arrakasta bat bestearen atzetik edukitzera behartzen duen industria kulturalaren logikak apur bat ahaztuta eduki du. Testuak izango dira makinaria hori hondoratzean bizirik aterako diren bakarrak eta horrekin konformatu beharko dugu. Horrekin, eta Delaney hizketan entzutearekin. Hamabost minutu baldin badauzkazue, ikusi 1960an BBC Four kateak egin zion erreportaje honetan nola hitz egiten duen Salfordi —bere jaioterriari— buruz:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA