“Laguna hausten den hilobiak leher egiteraino zurruta kantua egin litekeen mahaia izan behar luke, zer axola plastikozko lore zikin hauek dardaraka ontzi jausi zartatuaren lepoan, zer axola gure mozkorraldiaren puskailak aldare profanatu batean, zer axola du, bizitza hau ez da edangarria”. Koldo Izagirreren Egarri egunak portualdean nobelakoa da esaldia, aurrenekoa, apustu formal baten erakusgarri. Donostiako San Jeronimo kalean (going underground) aurkeztu zuen atzo eta han bildutako gehienok aldez aurretik irakurria genuen liburua, ezohiko abiapuntua ezohiko aurkezpenarentzat.
1977ko giro politiko eta sozial nahasi, biolento, apasionantea angelu ugaritatik erretratatzen du istorioak: klase gorrotoa, sexu grina,sindikatuen sorrera, poliziaren errepresioa, feminismoa, heroinaren lehen zamalkatzeak eta egarria, alkoholarena, gizarte berri batena. Aurreneko irakurrian Sua nahi, Mr. Churchill? liburuko ipuinen ildoan kokatuko nuke estilo aldetik, baina oraingoan apustua erradikalagoa da, elipsia gehiago, narrazio linealaren haustura gehiago; eta kontakizunaren kadentzia markatzen dute etengabe hirunaka tartekatzen diren esaldi laburrek, pintaketa horiek.
Grabagailuak 40 minututik gorako hizketa erregistratu du eta inpresionista ez, brotxa lodikoa beharko blogeko sarrera honek. Ñabardura gutxi, zuzenean interesatzen zaidan puntura: Nerea Azurmendik egindako galderak ekarri zuen, nire ustez, erantzun mamitsuena. Nobelaren idazkeraz galdetu zion, zenbait elementu gramatikali uko egin ote dion jakin nahian.
Izagirrek erantzun: “Prosa ulergarri bat idatzi beharraren beharrez, euskalgintzaren izenean, azkenean prosa administratiboa idazten da, oso pedagogikoa; eta niri ez zait irteten. Ez dut laborategi bat muntatu estilo bat sortzeko, ez naiz ibili baliabide gramatikalak kentzen estilo bat lortzeko. Ezinezkoa iruditzen zait esplikaziotan aritzea, ‘alegia’, ‘zeren’… Horrelakoak oso esplikatiboak egiten zaizkit eta ez zait batere gustatzen. Hor sortzen da, seguru asko, zuk diozun uko egitea, zenbait elementu gramatikal edo sintaktiko alde batera uztea. Horrek ez du lehenbizikoan ulermena errazten, baina nik uste dut horren bitartez belozidade desberdinak ematen dizkiodala testuari eta niretzat inportantea da. Ez dakit hurrengo batean horrela idatziko dudan edo ez, baina honetan behintzat apustu hori egin nahi izan dut, uste nuelako behar nuela saio bat egin fondoaren eta formaren arteko batasuna lortze aldera”.
Kontu periferikoekin entretenituta ibiltzen gara maiz kulturaz idazten dugun kazetariak eta poztu nintzen aurkezpenean literaturaz hitz egin zelako, alegia formaz, estiloaz, hautu estetikoei buruz. Halako kontuen inguruko eztabaida serioak ugarituko balira, bestelako egarriak laztuko liguke eztarria.
1 Iruzkin
-Laguna hausten den hilobiak leher egiteraino zurruta kantua egin litekeen mahaia izan behar luke?
-Ez nagok ados.
-Bueno, agian bai, baina eztabaidagarria izan zitekek…
-Nik uste diat zurrut egin beharrik ez dagoela mahai lehertua hautsi duen lagunaren hilobiaren gainean kantatzeko.
-A, ba, horretan ez nian pentsatu…
-Edo kantuz lehertu beharrik ere ez dagoela hilobia hautsi duen lagun zurruteroaren mahaian eseriz gero…
-A!