Errenditzen ez direnak dakartzagu gaur; joan arren beti itzultzen direnak; une jakin batean lehen lerrotik desagertu arren, erretagoardian eroso sentitzen ez direnak. II. Mundu Gerran hil zuten idazle bat, gaurkotasun gramo bakar bat galdu ez duen liburuarekin; eta lau tipo aski ezagunek elkar hartuta atera duten diskoa, oholtza batera igota gerra asko emango duena.
Liburua: Suite frantsesa, Irène Némirovsky (Itzultzaileak: Mikel Garmendia, Jose Antonio Sarasola).
2004an eman zen argitara Irène Némirovskyren Suite frantsesa, eta Renaudot saria irabazi zuen urte hartan bertan. Horrela amaitu zen ia 50 urtez ezkutuan egondako liburuaren historia: Némirovskyk bukatu gabe utzi zuen Auschwitzen hiltzera eraman zutenean; alaba nagusiak gorde zuen eskuizkribua, zer zen jakin gabe. Ez zuen irakurri nahi izan urtetan, pentsatuz amaren egunerokoa zela eta gogorregia egingo zitzaiola. 1990eko hamarkadan koadernoa zabaldu eta, txingurri-letraz idatzitako nobela deskubritu zuen. II. Mundu Gerra gertatu bitartean fikzionatzeko saioa da Némirovskyren obra hau, momentuaren intentsitatez kontatzen ditu Frantziaren okupazio alemana eta herritarrek horren aurrean hartzen dituzten jarrerak, hoztasunez, sentimentalismorik gabe.
Diskoa: Matxura, Matxura.
Talde berria da Matxura baina partaideen izenak leitu eta ezagunak egingo zaizkizu: Mikel Kazalis, Fer Apoa, Aitor Abio eta Txarly Diaz elkar hartuta dabiltzala jakinda, etorriko den egurraren parte bat imaginatzen ahal du edonork. Kazalisek 1990eko hamarkadan Izaskun Forcadarekin sortu zuen 2 Kate talde industrialaren tankera hartu diot Matxuraren diskoari, Ministry-ren eta Atari Teenage Riot-en arteko zerbait, gitarra astunak, elektronika eta abiadura, gainera datorkigun kaos ekonomiko, politiko eta sozialean ozen entzuteko. Eman bolumena Suizidio herrikoia kantari eta presta zaitez Mad Max barregarri utziko duen garairako.