Jendea zinema aretoetan sartu ezinda ibili da asteburuan, poliziak agertu behar izan du txarteldegietan bildutako jendetza hitz goxoz eta ferekaz sakabanatzera, eta etxean geratu direnek ere, filmak beste webguneetatik doan jaitsi ordez, txintxo-txintxo jokatzea erabaki dute eta ordaindu egin dute pelikulak ikusteagatik. Sekulako aldaketa eragin du Megaupload itxi izanak, aro berri bat hasi da Interneteko kontsumo kulturalean eta tar, tar, tar, tar, tar, tar, tar. Joan den asteko FBIren polizia operazioaren ondoren, Espainiako medio nagusiek, modu aski susmagarrian, mezu hori eman dute ia aho bakarrez.
• El Mundo: Zineak bete egin dira Megaupload itxi ondoren.
• La Razón: Megaupload web “pirata” itxi ondoren deskarga legalak izugarri igo dira.
• La Vanguardia: Txarteldegiak hazi egin dira Megaupload itxi ostean.
• Antena 3: “Megaupload itxi ondoren, hirukoiztu egin dira legezko edukiak eskaintzen dituzten guneen sarrerak”.
Eta abar.
Eta datu fidagarri bakar bat ere ez, Megauploaden itxiera eta aretoek asteburuan eduki duten ustezko bisita kopuru handia lotzeko –ustezko diogu, albiste batzuen arabera goraka baino, beheraka egin dutelako saldutako txartelen kopuruek Espainiako Estatuan behintzat–. Are gehiago, Megauploaden itxiera da, hedabide horien arabera, balizko igoeraren kausa bakarra eta ez, demagun, George Clooney protagonista duen eta esku bete Oscar irabazteko hautagai den The Descendants filma asteburuan estreinatu izana. Ezta asteburu euritsua atera izana ere. Hori ez. Eguraldiak hauteskundeetan bakarrik eragiten du hedabide handien ustez.
Hain oinarri eskasarekin hainbesteko antza duten albisteak publikatzeak erre usaina dauka eta atera daitekeen ondorioetako bat da, Espainiako Estatuan behintzat, industria zaharrak –aurrekoan hitz egin genuen industria zaharraren eta berriaren arteko bereizketaz– kolpe bikoitza eman nahi izan duela oraingoan: batetik polizia operazioaren bidez Megauploaden antzeko webguneen jabeak eta erabiltzaileak izutzea; eta bestetik, propaganda-aparatuaren galdara sutan jartzea, mila aldiz errepikatuz XX. mendera itzuliko garela, agian horrela XX. mendera itzuliko garen esperantzan. Ahaztu dute Back to the future pelikula bat besterik ez dela eta, Megauploadekin ez bada, Bit Torrentekin deskargatu daitekeela.
PS: Pena da goian aipatutako egunkariek ez daukatela eskura 2012ko irailean jaioko diren haurren datua, gainontzean, korrika idatziko zuten halako titularren bat: “Megaupload itxi eta jendea piztiak bezala hasi da larrua jotzen”.
1 Iruzkin
Nik esango nuke orain BitTorrent azkarrago dabilela, seed edo hazi gehiago dagoela aste honetan. Oscar nominazioen eguna ere bada gaur, eta gaurtik aurrera, oraindik-eta gehiago.