Bonba semiotikoa

Gorka Bereziartua
0

Electroclass dokumentaleko irudi bat

Dokumentala ez den dokumentala, ikusle arruntok ohituta gauden ikus-entzunezko konbentzioak hankaz gora jartzen dituen obra da María Ruidoren Electroclass. Zazpi minutuko zazpi piezaz osatua, ETB3n ikusi ahal izan nuen atzo –lehenago Zinebitik ere pasa zen–. Eskertzekoa iruditzen zait telebista publikoak horrelakoak erakusteko arriskua hartzea.
Eta arriskua diot, ez baita lan erosoa, ez ikuslearentzat, dauzkan berezitasun formalengatik; ezta ETBri eskaintzen dion begiratu kritikoarengatik ere: azken hiru hamarkadetan Euskal Telebistan eskainitako irudiekin egindako dokumentala da, baina edizioak, artxiboko irudiak jarrita dauden hurrenkerak, bideoa eta audioa konbinatzean egindako hautuek… Telebistaren ohiko diskurtsoa zalantzan jartzen dute.
Bilbo hiri industrial izatetik zerbitzuetan oinarritutako metropoli bihurtzerainoko prozesua ikusiko dugu; horren gainean telebistak kontatu duenarekin egindako remixa da pelikula. Adibide bat jartzearren, Iñaki Lopez aurkezlearen off-eko ahotsak Euskaldunako istiluak gaur egun pentsaezinak direla dio eta Kukutza ixtearen aurkako protestak agertzen dira ekranean.
Nahasketa ez da batere xaloa, beraz. Baina filma ez da kosta ahala kosta bultzatutako eraldaketa kapitalistaren salaketa esplizitua ere. Ikuslea modu sotilean eramaten du prozesu hori bestelako begiz ikustera. Electroclass bonba semiotikoa da.
[ARGIAren 2.317. zenbakian argitaratzekoa]
Ikusi dokumentala:

Info.+:
Nontzeberri.com atarian María Ruidorekin hitz egin zuten iazko apirilaren 14an.
ETB2ko Forum saioan María Ruidorekin eta María Mur-ekin (ekoizlea) filmari buruz hitz egin zuten urtarrilaren 16an.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA