Galdera batzuk Okzitaniako Tolosako gertakariez

Gorka Bereziartua
0

Mohamed Merah, Tolosako hilketen ustezko egilea

Mohamed Merah-ren jazarpenaren, setioaren eta hilketaren ondotik etorri den harrabots mediatikoan, badira egin gabe gelditu diren galderak. Kazetaritza profesionalean sinesten dut, baina bakoitzari berea, prentsa profesionalaren orrialdeetan inon ez ditut aurkitu Raskolnikov-en blogekoak bezalako itaun zorrotzak.
Aurrena galdetu du, nola ote den posible poliziak fitxatutako tipo batek zazpi lagun hil ahal izatea, hilketatik hilketara astebete baino gehiagoko tartearekin; eta nola fitxatutako norbaitek lortu dituen armak hain erraz; eta nola bukatu den guztia bukatu den bezala, eskola judutarrari eraso zioten egunean bertan Merah-ren izena poliziaren esku baldin bazegoen. Etxearen setioa gehiegikeria dela uste du blogaren egileak, ez direla horrelako neurriak hartu atentatu handiagoak egin dituztenean ere, garestia izateaz gain ez dela eraginkorra, bazirela aurrekariak hori baieztatzeko –akordatu Madrilgo M-11ko atentatuen ostean Leganesen gertatua–. Baina noski, mediatikoki oso errentagarria zen, kanpainan gaude, horrelako operazioek beldurra eta paranoia zabaltzen dute eta horrek gizartea batzen du, kontserbadoreago bihurtzen. Eta galdera batzuk lekuz kanpoko bihurtzen dira, Merah benetan erruduna ote zen, adibidez. Poliziaren negoziatzaileari kontatutakotik ondorioztatu da bera zela hiltzailea. Abokaturik ez tartean, gehi hil ala biziko setio baten tentsioa, hizketarako giro aproposa inondik ere. Gero tiro entsalada bat, eta susmagarria poltsa bete odol bihurtuta balkoitik behera.
Ez da epaiketarik egongo. Benetako erruduna Merah izanik ere, ezingo da inoiz zehaztasunez jakin zer eta nola egin zuen, eta hori normaltzat jo du mundu guztiak. Exekuzio demokratikoetara azkenaldian ohitzen ari garelako-edo izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA