Etorkizun Literarioa Ziurtatzeko Arauak

Gorka Bereziartua
9

Hemen hasi eta eternitatera, filmean bezala

Liburuak, institutuko jende guaya bezala, ezkutatu egiten dira urteekin norbere biografiako traste zaharretan; eta inor ez da akordatzen, ez du akordatu nahi, are, lotsa ematen dio akordatzea nola ibili zen txoratu beharrean gaur ikusiz gero aurpegia itzuliko liokeen horren atzetik. Bai, aitortzen dut, nik ere leitu nuen The Pillars of The Earth baina orain arte ez nuen batere premiarik sentitu inori kontatzeko. Eta ez dut uste orain liburu hori irakurtzen ari direnek denbora baten buruan oso harro aldarrikatuko dutenik –nahiz eta Twitterren “Los pilares de la tierrabilatuta ustea zalantzan jarri zaidan; glups!–. Dena den, hemendik 100 edo 200 urtera inork ez du Ken Follett gogoan izango Gasteizeko eskultura komikoarengatik ez bada. Literaturaren historian agertzeko arau batzuk bete behar baitira (danbor-erredoblea): Etorkizun Literarioa Ziurtatzeko Arauak.
Urrezko erregelarik ez dagoela esatea litzateke zentzuzkoena, baina orduan ez geneukake justifikaziorik beste ez-dakit-zenbat paragrafotan lata emateko, beraz demagun badela zuen artean inor, sinesten duena literatur sariek zerbaitetarako balio dutela. Zerbait hori ez da ba liburu sarituaren etorkizuna ziurtatzea. Bota begiratu bat Kritikoaren Sarien zerrendan 1980ko hamarkadako liburuei. Zenbat ezagutzen dituzu 14 horietatik? Horixe ba.
Atzerriko liburuentzat balio duen arau bat, honakoa: “Egin dezatela film bat liburuan oinarrituta: mundu guztiak esango du liburua hobea dela”. Euskal liburuekin ez da araua betetzen, ez egokitzapen filmikoak hobeak direlako liburuak baino, kontrakoarengatik baizik: egin diren –nork esan du kometitu?– filmak oro har hain txarrak izanik, liburuak irakurtzeko gogo guztiak kentzen dituzte.
“Kafkiarra”, “borgestarra”… idazle baten izena adjektibo bihurtzeak etorkizuna ziurta dezake, esan nahi baitu leku bat egin duela jendearen imaginario sinbolikoan. Arau honen aldaera beldurgarrienak adjektiboa klixe bihurtzean ikusten dira –errepika dezagun ariketa: bilatu kafkaesque Twitterren eta hasi negarrez ziminoen planetan Askatasun Anderea aurkitu berri duen Charlton Heston bezala–.
Funtsean, kontua ez da jende askok zu irakurtzea, irakurtzen zaituztenak nor diren baizik. Zure jarraitzaile apur horien artean asko idazleak al dira? Ondo! Haien liburuetan zure izena agertzea posiblea da, inspirazio iturri, itsasargi literario, gainditu nahi eta ezin duten langa gisa. Kabroi horiek zuk baino irakurle gehiago izango dituzte apika, baina batere konturatu gabe zure izena eternitatean izkiriatzen ari dira.
Eta historiak Ken Follett ahaztuko duela esan dugun arren, eta salduenen zerrendako askori antzeko patua desio diegun arren, best-sellerrak idazten dituztenek iraungo ez dutela bezain ziurra da iraun nahi dutenek hobe dutela gutxienez best-seller bat idaztea. Ze, aurreko paragrafokoa betetzen bada ere, jai daukazu zure obrak batere saltzen ez zirelako berriz publikatu nahi ez badituzte.
Bukatu aurretik, inkesta informal bat abiatu nahi nuke: zein euskarazko liburu uste duzue irakurriko dela oraindik 2112an? Jarri erantzunak behean, otoi. Asmatzen duenak sugus poltsa bat jasoko du nire birbiloben eskutik (utziko diot notarioari oharra, lasai, ez zaie ahaztuko, nire kontu).

9 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA