Madonnak ez du euskal kitscha asmatu

Gorka Bereziartua
2

Madonna Kalakan taldearekin kantatzen

Facebookeko talde horietako baten izenak barregura eman zidan: “Señoras que se asustan al oir la palabra ‘pene’ pero luego tienen 8 hijos” (“8 seme-alaba eduki arren, ‘zakil’ hitza entzun eta izutzen diren emakumeak”). Katolizismoaren herentzia gainetik kendu ezinean gabiltzan hegoaldetarrok maiz ikusi dugun eszena da: adineko emakumea, normalean amona, inozentzia sexuala itxuratu beharrean da, gaztetan ezarri zioten moral katolikoak jendearen aurrean kontu horiei buruz ez dela hitz egin behar esaten diolako. Eta beraz “zakil” dantzueno, ene-jesuska hasten da.
Moralaren eta balioen kontua gurean asko aldatu dela zalantzarik ez, belaunaldi bakarrean santujaleen herri izatetik ateo porrokatu izatera pasa gara, amonarekin bazkaritan lizunkeriez hitz egiteraino. Baina beti geratzen da arrastoren bat eta nire ustez, baloreak mudatu arren, haietan bizitzeko modua ez dugu gehiegi kanbiatu. Aurrerakoiak gara, ezkertiarrak, are, anarkistak ere bai estupendo jarrita; baina amonak “zakila” entzutean nola, halaxe itxuratzen dugu asaldura “kapitalismoa” ikusten dugun bakoitzean.
Madonnak Kalakan talde euskalduna pasiatuko du mundutik biran eta azkenerako, kristo guztiak ikasi beharko du aldapeko sagarraren adarraren puntan txoria zegoela kantari. Inperioko esploratzaileek ere ez dute gehiegi eboluzionatu, bistan da: lehen indioak erakusten zizkieten gainontzeko metropolitarrei; orain indioak erakusten dizkiete… kantari. Ez naiz ni izango Madonna defendatzen hasiko dena, baina iruditzen zait zortzi seme-alaba eduki ondoren “zakila” entzun eta ene-jesuska hasten den amonarena egitea litzatekeela hori kritikatu eta pauso bat harago ez joatea.
Galdera erretoriko batzuk, sikiera: kolonizatzailearen onespena besterik ez dela? Eta zer da euskal kulturaren star-systemtxoa ba, zer izan da urte hauetan guztietan, gure berezitasun indigena komertzialki esplotatzen saiatzea ez bada? Euskaltasuna produktu kulturaletan paketatu eta salgai jarri dugunean, “industria kultural indartsua” behar dugula urbi et orbi aldarrikatu dugunean, kontsumitzaile pasiboak, “zenbat eta gehiago, hobe” sortzeko hautua egin dugunean, zein da problema Madonnarekin?
Beharbada, euskaldunok baino hobeto dakiela edozer gauza saltzen, baita gure idiosinkrasia bera ere. Baina Madonnak ez du ezer asmatu: euskal kitscha aspaldi ezagutu genuen. Eta ez duzu oso urrutira joan behar ikusteko. Eta ni ez naiz amona. Eta ez daukat eskandalua itxuratzen ibiltzeko inolako intentziorik.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA