Ali Baba eta berrogei lapurren ipuina Euskal Herriko prentsa erregionalak berridatzi beharko balu, Ali Baba eta berrogei europazaleak titulatuko luke. Edo beharbada Ali Baba eta berrogei moderatuak. Hedabidetik hedabidera, pribatutik publikora, lapurrari zeinahi adjektibo edergarri jartzen ikusiko dituzu, saihestu nahian benetan den hori, lapurra, letra larriz idaztea. Bota errepasoa Greziako hauteskundeen karietara idatzi dituzten titularrei eta ulertuko duzue zertaz ari naizen.
Pentsamendu bakarraz hitz egin izan da Berlingo Harresia erori zenetik; koska bat harago joatea ere txarra ez: Greziako bozen emaitzak Europaren garaipen bezala saltzeko pentsamenduak bakarraz gain, magikoa izan behar du. Gutxienez.
Badaezpadako ohar bi, irakurleak gaia jarraitu ez badu:
1) Moderatuak, europazaleak eta (jarri hemen nahi duzun adjektibo tontoa) omen diren Demokrazia Berria alderdiko kideak izan dira hain zuzen, estatuaren kontu publikoak faltsutzearen bidez (beste hainbat irregulartasun ez aipatzearren) Grezia galbidean eta euroa arriskuan jarri dutenak. Baina hanka ipurtzuloraino sartu ondoren troikaren aurrean otzan makurtu direnez, biba, biba, biba, diote eskuinaren periodikoek.
2) Syrizak ez dauka Grezia eurotik ateratzeko asmorik. Alexis Tsipras koalizioko bozeramaileak garbi esan du hori behin eta berriz. Europako agintariak izan dira Grezia mehatxatu dutenak, ia “kontuz zer bozkatzen duzuen” esateraino –joan den astean Jens Weidmann Bundesbankeko buruak esan zituenak aski argigarriak dira zentzu horretan– Syrizaren garaipena oztopatzeko. Greziako ezkerraren programa irakurtze hutsarekin ulertzen da zergatik.