Etortzen da gitarra pare bat, bonboa, pedalak, txistua, platera eta nik al dakit zenbat tramankulu gehiagorekin eta berak bakar-bakarrik egiten dizu kontzertu bat, gustura joko luketena sei eta zazpi taldekide dituzten banda askok. Joseba Irazoki orkestra-gizonak saio aparta eskaini zuen igandean Ziburuko La Factory tabernan.
Bat gehiago. Ikusia nuen bakarka akustikoan baina ez one man band formatu honetan. Atzokoak bi parte izan zituela esango nuke, Bidasoatik Mississipira. Jaguarra eskuetan egin zituen hasierako kantak, loopak baliatuz eta zaratatsu, esperimental. Gero hamabi sokako Eastwoodari atera zion distira eta AEBetako sustraiak geratu ziren bistan.
Folk amerikarra, bluesa, rocka eta euskal tradizioa elkar gurutzatzeko lotsarik gabe eta guztiari bere ukendua ematen, Hiru Trukuk ezagun egin zuen Zazpi nobioren bertsio sui generis bat egiteraino iritsi zen –sui generis diogu, kantaren hitzak gogoratzen ez eta ikusleek laguntzerik ez zutenez, momentuan asmatu baitzituen–; jo bitartean imintzioak eta barreak, publikoarekin konplizitatea.
Gitarrarekin ikusten duzu eta erraza dirudi, “ez saiatu horrelakorik etxean egiten” abisatu beharko luke.
Inoiz haren kontzertu batean egonak zarete? Nik ez dut horrelako gauza askorik ikusi inguru hauetan, harrituta nago nola, zergatik, zeren kausaz, zer dela eta ez diogun eskaintzen beste batzuek merezimendu gutxiagorekin jasotzen duten arreta.
Agian musika egiten gozatzen duen tipo bat delako eta ez hainbeste “musikariarena” egiten?
3 Iruzkin
Sanferminetan gaude, eta ez naiz gehiegi luzatuko. Josebak bihotz handia du. Musikari ona izanen da, baina pertsona hobea. Ezin esan gertutik ezagutzen dudala, baina berarekin gertutik tratatzeko aukera izan dut, eta haiekin betirako maiteminduko zinake pertsona horietakoa iruditzen zait.
Besterik ez. Sanferminetara itzul gaitezen.
[…] Irazokiz esana dut tipo maitagarria deritzodala. Axiarekin batera Bashoren omenez aterako duten diskoaren zain nago […]
[…] Irazokiz esana dut tipo maitagarria deritzodala. Axiarekin batera Bashoren omenez aterako duten diskoaren zain nago […]