BBK Live (I): Gehiegizkoa

Gorka Bereziartua
2

The Cure BBK Live festibalean.
The Cure BBK Live festibalean.

Jendetzak eta problema teknikoek itsusitu egin zuten BBK Live jaialdiko lehenengo jardunaldia.
Belako mungiarrekin hasi genuen ibilbidea. Ez genuen asko espero nozitu zituzten argindar etenak eta soinu arazoak gauaren bukaeran kontzertu nagusian ere errepikatuko zirela. 80ko hamarkada bukaerako post punk ukituko musika egiten du laukote gazte honek, gustu ona eta freskotasuna eraman zuten Kobetamendiko agertoki txikira eta izan zituzten arazoei aurre egiten jakin zuten, ausart. Kontuan hartzeko moduko taldea da, zalantzarik gabe, azkenaldian izen berri gutxi ematen ari den Euskal Herriko eszenan.McEnroeren kontzertura hurbildu ginen gero. Ez da horrelako jaialdi bat Getxokoa bezalako taldeak entzuteko lekurik egokiena, ñabardurak baino, wattioak maite dituzte makrojaialdiek eta adibidez Manett taldeko Raulek tronpetarekin lagundu zien abestietan ez zen behar bezala apreziatu bere ekarpena. Baina kantak badituzte, ez dago dudarik. Tormentas bezalakoak bikain eraman zituzten taula gainera.
Tribesen kontzertura bukaera aldean iritsi ginen. Formula ezagun samarra izanagatik publikoak bero hartu zuen; rock amerikar estandarra eta abesti itsaskorrak, nahikoa San Fermin + BBK Live pakete turistikoan etorritako britainiarrak kontent geratzeko.
Ben Howarden kontzertua hasi zenerako jendetza problema bihurtzen hasi zen. Eszenatoki txikia mukuru eta bakarlari ingelesa pozik, antza, entzuleek “love” esaten zuen bakoitzean txalo jotzen ziotelako (hitz egiteko modu bat da). Saio efektista samarra eskaini zuen.
La Habitacion Roja ondoren, telefono marka baten publizitate afrusa jarri dioten eszenatokian. 90eko hamarkadako indie espainiarraren hastapenetatik asko eboluzionatu ez duen taldea da, nolabait hasierako Los Planetasen ildoan ahots baxuan eta gitarra distortsionatuetan oinarritutako errepertorioa eskaini zuten. Oso bero hartu zuten entzuleek, gure harridurarako, ez baikenuen uste hainbeste jarraitzaile zituztenik.
John Spencer Blues Explosion ikustera hurbildu ginen sarrerako eszenatoki (orain bai zalantzarik gabe) txikiegira. Mitoa dira Bilboko musika zaleentzat 90eko hamarkada erdialdean Kafe Antzokian eskaini zuten kontzertuaz geroztik. Gaueko talderik sendoena iruditu zitzaigun, soinu eta proposamen aldetik, eta baldintza hobeetan ez ikustearen penarekin joan ginen The Cure entzutera eszenatoki nagusira.
Ia ordubete itxaron behar izan genuen Robert Smithen taldea ikusteko. Arazo teknikoak berriro. Eta okerrena pentsatzen hasiak ginen, Eduardo Punseten orrazkera inspiratu zuen abeslaria bakarrik atera zenean, gitarra akustikoa eskuan, bizpahiru kanta egitera. Azkenean konpondu zituzten kable-kontuak eta hasi zen kontzertua, soinu txar samarrarekin dena den (teklatua ez zen ondo entzun kanta dezente pasa ziren arte). Kontzertu luzea espero zen eta halakoa izan zen, baina esan beharra dago, gehiegizkoa izan zela, betelan asko egin zutela eta gutxienez ordu erdi soberan egon zela. Zaletuenak ere ez zeuden kontzertuan sartuta une askotan. Amaitu ostean komentatu genuen, agian akustikoan egindako kantak izan zirela The Curen saioko momenturik borobilena.

Bloc Party apenas ikusi genuen The Cure bukatu baino dezente lehenago hasiak zirelako. Jendetzaren artean itzuli ginen etxera: gehiegizkoa entzule kopurua ere, Kobetamendi antolatua dagoen modurako behintzat.
 

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA