BBK Live (eta II): Kobetamendiko elur madarikatua

Gorka Bereziartua
0

Thom Yorke Radiohead taldeko burua atzo BBK Live jaialdian

Ekaitza izango genuela zirudien Kobetamendira sartu ginenean baina azkenerako euriak ez, elurrak markatu zuen atzoko BBK Liveko eguna.
Amos y Los Santos talde kolonbiarraren bizpahiru kanta entzun genituen karpako eszenatokian eta erabaki genuen ez zuela merezi estalpean egoteagatik “en el laberinto de mi corazón el Minotauro se perdió” bezalako metaforak entzuten jarraitzea, hobe zela eurite unibertsala aterkirik gabe buru gainera jaustea. Rock tenebrista eta eszenaratze auzolotsante samarra.
Mumford & Sons taldearen txanda etorri zen gero, eszenatoki handian. Disko bakarra edukita, harritzekoa da zenbat publiko bildu zuten; izango da Little lion man bezalako singleek ondo funtzionatu zutelako zerrendetan, taldea duela bizpahiru urte ezagun egiten hasi zenean. Banjoak ematen die ikutu bereizgarria eta AEBetako folka egiten dute, irrati formuletan eskaintzeko moduko formatuan. Ez zen gaizki egon. Beste munduko ezer ere ez, egia esan.
Bide Ertzean taldeko kideek euren Twitter kontutik behin baino gehiagotan gomendioa egina zutenez, kasu egitea erabaki eta Bigott entzutera gerturatu ginen, karpara berriz ere. Zaragozako taldeak aurreneko momentutik eduki zituen zaleak alde eta diskoetan baino ukitu dantzagarriagoa eman zioten euren pop collageari. Kanta lasairen batean Leonard Cohenen kantatzeko modua gogora ekarri zigun; beste abestiren batek Velvet Undergroundekin lotura izan zezakeela aipatu genuen; baina niri abeslariaren taula gaineko jarrerak Herman Düne ekarri zidan gogora, lepotik behera anestesiatuta dagoena bezala dantzan. Entzuleek gustuko zutela argi dago bis bat egitera atera behar izan zuen, benetako bis bat, ez errutinazko horietakoa. Aurretik joa zuen Cannibal Dinner errepikatu zuen, besterik prestatuta ez zeukanez.
Eguneko kontzertu nagusiaren aurretik sorpresa atsegin bat, Kieran Hebden, Four Tet izenez ezagunagoa den DJa. Bakarkako ibilbideagatik baino, ezagunagoa da beste taldeentzat egin izan dituen lanengatik. Manic Street Preachers, Bloc Party edo Thom Yorke daude 34 urteko musikari honen noizbehinkako lankideen zerrendan. Atzo saio elektroniko dotorea eskaini zuen, baina elurrak ez zigun guztiz gozatzen utzi.
Elurrak, bai: gure atzeko lagun talde batek Mamu Harrapariak filmeko elurrezko panpinaren tamainakoa izango zen kokaina poltsa sartua behar zuen sudurretik, manera ez oso edukatuekin “alde egin ezazu behingoz!” oihukatzen pasa baitzuten DJaren saio erdia.
Okerrena etortzeko zegoen. Jende azeleratu hori Radioheaden fanatikoa zela konturatu ginen kontzertua hasi eta berehala. Euren oihu, bultzakada eta marruen artean entzundakoa bakarrik konta dezaket beraz.
Kontzertu bereziak izaten ari dira azkenaldikoak Oxfordeko taldearentzat, hilabete baino gutxiago pasa baita eszenatoki baten muntaia-lanetan euren bateria-teknikaria hil zenetik. Hainbat kontzertu bertan behera utzi dituzte eta Bilbokoa gertakari horren ondoren eskaini duten bigarrena izan da. Oso sendo ikusi nuen Yorke buru duen banda. Baxu lerroek gidatu zituzten kanta gehienak, oinarri erritmiko bikaina erakutsi zuten, bete-betean asmatuz ñabarduraz beteriko abestiak formatu masifikatu honetara ekartzen (oso erraza ere ez dena; egin kontu, ia 40.000 lagun geunden atzo Kobetamendin).
Postrerako Triangulo de Amor Bizarro galiziarrak. Igogailu batean tiroka hastea bezala izan zen: gauza labur, azkar eta saihestezin bat. Ordubetera ez zen iritsiko noise zartadak bata bestearen atzetik jotzean oinarritu zen saioa.
Irteterakoan, berriz ere elurra. Neguan geundela esango luke baten batek Kobetamendiko zelaiak zuri-zuri ikusita. Ez zen eskiatzeko modukoa, lurrean zegoena (ezta sudurretik sartzekoa ere; baten bat jada autoa hartu eta ziztuan harantz abiatu baldin bada, diot). Plastikozko edalontziak ziren alde guztietan botata. Entzuleen utzikeriari leporatzen ahal zaio, arrazoiz, inguru natural batekin hain begirune eskasa izatea; baina uste dut antolakuntzak ere zer edo zer gehiago egin zezakeela, plastikoak botatzeko kontainer gehiago jarriz adibidez, baita edalontzi berrerabilgarriak eskainiz ere.
PS: Gaurko kontzertuen kronikarik ez dut egingo. Bihar blog honen fanatikoren bat zain egon ez dadin jartzen dut abisua hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA