Ramon Saizarbitoriarekin hitz egin genuen uztail amaieran Martuteneri buruz —aste honetako ARGIAn publikatuko da elkarrizketa—; baina nobelak hari ugari eskaintzen ditu eta bestelako kontuak ere atera dira. Asko ez dira maketan sartu, adibidez, noiztik zegoen nobela idatzita eta zergatik atzeratu den argitalpena.
Jarraian irakur dezakezue Saizarbitoriak gai horri buruz azaldutakoa.
Aspaldi samarretik genuen nobela honen berri, 2007tik edo 2008tik…
Lehenago, lehenago ere bai…
… noiztik dago nobela bukatuta?
Neroni ere harrituta geratzen naiz ordenagailuan begiratzean. Asunto honekin ordenagailu bat izorratu nuen eta beraz artxibo zaharrak ez dauzkat, baina bai paperen batzuk. 2005eko paperak badira gutxienez, seguru.
Esango nuke istorioa sinpleagoa zela hasieran: plano bakarra zeukan, Abaituarena. Abaitua-Pilar-Lynn hirukotea. Ez dakidana da zergatik sartu nuen beste bikotea. Izan liteke segurtasun falta, beti iruditzen zait ez dudala gai aski izango; uste dut hori askori gertatzen zaigula eta ez da ona. Ehun metro ere zerbait konplexuagoaren parte zen, ez dakit zerena, eta atal hura atera nuen. Hemen berriz, atal hori banuen hasieratik, asko idatzi nuen lehen pertsonan Abaituaren ikuspegitik, asko, 200 orri agian. Gero hasi nintzen bestearekin eta arazoa izan zen biak nola uztartu; hor igual galdu nuen urtebete.
Emango nituen, nik uste, bederatzi urte edo… Eta gero nobela erabat idatzita urte eta erdi bazeraman. Kentzen ahalegindu nintzen eta kendu nuen. Gehiegi ere bai, guraizea joan egin zitzaidan —hori e-bookean konpondu dut, pasartetxo bat gehitu dut, Lynnen antidepresiboekin lotua—.
Eta gertatzen da —hori atxikitzen diot Martini— behin nobela daukazula konturatzen zarenean, has zaitezkeela idazle sentitzen eta gustura zaudela hor bueltaka; eta argitaratzeko kezkak baldin badauzkazu, egon zintezke… denbora asko. Gustatzen zait fase hori, esango nuke gehien gustatzen zaidana dela.
4 Iruzkin
“Pasartetxo” bat gehitu dutela e-bookean? Ai ama…
Unai, uste dut pasartea hau dela. Paperezko liburuan: 216 orrialdean, hamargarren lerroan.
Ebookean erantsitakoa “dioenez.”-en eta “Traduttore traditore”ren artean doa.
Hau da zehazki:
“Hitz egingo dutela ping-pong mahaia probatu ondoren idazle enplastuak, berriro ere ukalondotik helduz, eta neskak salara itzultzea beste irtenbiderik ez dauka, bi tanto jokatzeko baino ez, aski serio, ez duelako izerditu nahi eta gainera kontu korrontearen zenbakia emango balio, errentaren dirua ingresatu ahal izateko.
Pilotaren klaskek ez diote Juliari lanerako laguntzen. Montauk-en idazleak dio ping-pong pilotaren tik-tak hotsa dibertigarria gertatzen dela areto hutsean. Julia ordea bere onetik ateratzen du iristen zaion oihartzunak. Ideia oldarkorrak. Pala hartuta jipoi eder bat biei. Baina hobe frontoian, benetako pala eta pilotarekin. Neskatotan asko jokatzen zen mutilekin, baita eskuz ere. Pilotak frontoian ateratzen duen hotsa bestelakoa da oso. Kolpe lehor bortitza, harria harriaren kontra.
Orain nagusi den hotsa, pilota kaskarrak tik-tik-tik lurraren kontra egiten duen errepika.
Enough for today. Utzi dute jokoa halako batean. Gazteak izerditan dagoela argudiatu du nahikoa duela esateko, aztarrenik ikusten ez zaion arren. Idazleari bai, arnasa estutu zaio, eta aurpegiko gorritua areagotu, neskak kontu korronteren zenbakia agindu bezala emateko eskatu diolarik. Arrazoiren bat tarteko idazleak ez du nahi, eta zergatik zegoen hain haserre galdetu dio ihesean, baina neska ez dago etsitzeko: ordaindu egin nahi du. Juliari harrigarria gertatzen zaio Martin, hain memoria txarrekoa izanik, bere kontu korrontearen zenbaki sail luzea buruz esateko gai izatea. Fitxa, folio eta post-it paketetxoz inguratua badago ere botika kaxa huts batean idatzi du, Juliak badaki zergatik. Begi bistakoa da bezperan berari egin zion jolaskeria errepikatu nahi duela. Antidepresiboak hartzeari utzi ziola aipatu zuen –penthouse neskak animoa altxatuta, pentsatu zuen berak–, zeuzkan pilula guztiak pentsamenduen parterrera bota zituela eta on egin zietela nabarmenki. Hain zuzen ere, goizean landareak mardulago zeudela iritzi baitzion, irrigarria iruditu zitzaion –amerikarrari ere grazia egiten dio, of course–, baina orain Juliari penagarria egiten zaio erreparorik ez izatea gag hori antzezteko, bera aurrean ez balego bezala.
Eskerrik asko, Markos! Bada, ez da pasarte hutsala. Barrabilak nori puzten zaizkion argitzen du (460. orrialde arte baino ez dut irakurri).
Mila esker, Markos! Barrabilen kontu hori arte nik ere irakurri dut, je je.