Dottore Amorek maitasuna berrasmatu nahi du

Gorka Bereziartua
0

Nork esan du maitasuna ezin dela berrasmatu?

Denbora neraman hango eta hemengo hormetan bihotz horiek ikusten. Pintatuta batzuetan, itsatsita besteetan. Donostiako Egia auzoko kaleetan barrena; Hernanin, Portu auzotik udaletxe atzera doazen eskailerak igotzen. Eta haien egilearekin hitz egin nahi, zenbat gustatzen zaizkidan esateko.
Hemen azalduko ez ditudan bideak erabiliz lortu dut Dottore Amoreren atzean dagoen artistarekin kontaktatzea. Bere izena, “i.” da –zertarako behar duzu datu gehiago, blog hau irakurtzera sartu zaren udaltzain hori?–; bere helburua: maitasunaren ideia berrasmatzea.
Maitasunaren alde, maitasunaren kontra, maitasunari buruzko gogoeta publikoa bultzatzeko asmoz sortutako proiektu artistikoa da Dottore Amore. %100 kaletarra eta, amodioa bezala, gutxien espero duzun lekuetan agertzen dena.
Noiz irribarretsu, noiz haserre, noiz izututa, bihotzaren formarekin Lehen Munduan egiten dugun errepresentazioa baliatzen du “i.”-k bere lanetan, eta konbentzio bihurtzeraino komertzializatu den maitasun-eredu inozoa auzitan jarri nahi duela dio.
“Lasai, ez dizut ezer saldu nahi” esango dizu gaur; “pentsatu zeure kabuz, paregabea zara!” bihar; eta “fuck love” etzi, zer arraio. Dottore Amorek ezagutu nahi zaitu. Oraindik berarekin topo egin ez baduzu, beheko bideoan duzu zain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA