Mundua ez da bukatuko baina liburu hau bai

Gorka Bereziartua
0

Mundua ez da abenduaren 21ean bukatuko –seguruenik; eta hanka sartu badut ezingo didazue ezer aurpegiratu beraz, bost axola–, baina mayen profeziak bizitzaren iragankortasunari buruzko kezka sortu badizu, pentsatzen hasia bazara zure zenbait objektuk osorik iraungo dutela zu sator artean etzanda egongo zarenean ere; eta ezinegon hori Eguberrietako opari bihurtu nahi baduzu –zer dira ba fetxa seinalatu hauek ezinegonen opari-katea besterik?– beheko bideoa interesatuko zaizu.

“Tinta mota berezi bat garatu dugu –dio iragarkiak–, argiarekin eta airearekin kontaktuan jartzean desagertu egiten dena. Gero, Hego Amerikako idazle berrien antologia bat prestatu dugu tinta hori erabiliz. Liburu mota berri bat sortu dugu, behin irekita bi hilabete bakarrik irauten duen liburu bat”.
Eterna Cadencia argitaletxe argentinarrak lehenengo obra argitaratu duten egileak sustatu nahi ditu iraupen laburreko produktu honen bidez. Liburua ondo saldu da aurtengo udan argitaratu zenetik. Bi arrazoirengatik izan liteke: ideia originala delako oso; edo bi hilabete pasa ondoren geratzen den liburu zuria, kalitate eta interes aldetik nobedade askorekin konpetitzeko moduan dagoelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA