Bat. Gorka Erostarbek Berriako Kulturak blogean Axiari, Antony eta joerak posteatu du. Joseba Irazokik azkenaldian hartu duen sonarekin pozik, baina harriturik, galdetzen du ez ote den antzeko zerbait gertatuko Beñat Axiarirekin, 2012ko abenduaren hondarrean Irazokirekin eman kontzertuaren ondoren Donostiako publikoa behintzat harri eta zur utzi baitzuen.
Biak, Irazoki eta Axiari, ibilbide oparoko musikariak izanik, zergatik datoz txaloak orain?
“Oso on begitantzen zait Axiariren jarduna, Irazokirena eta beste hainbatena bezalaxe, ahalik eta gehien zabaltzea, ahalik eta belarri gehienetara heltzea, baina atezuan jartzen nauena besterik da. Fenomeno horren jatorrian gehiago ikusten dudalako sarri (ez beti) pose bat, egon behar madarikatua. Euren lana interesgarri, kitzikagarri edo aberasgarri zaigulako, edo joera jakin baten parte izan nahi dugulako hasten gara hil ala bizian artista bat jarraitzen, egon behar den lekuetan muturra agertzen. Edo bietarik izan liteke zenbaitetan?”.
Nando Cruzek Rockdeluxen idatzitako artikulu batekin akordatu naiz, Wilcoren kontzertu baten harira galdetzen zuenean ea musika gizartean integratzeko entzuten ote dugun edo besteengandik desberdin sentitzeko.
Bi. Peter Ostolazak Gure belaunaldiaz idatzi du Obabako Testiguak ekimenaren blogean (irakurle kluba, irratsaioa, bloga eta ez dakizkidan beste hainbat gauza egiten ari dira Añorgako gazte bipilak). Euskaraz lehen literatur lana publikatu ez duen idazlearen kezkak pantailaratu ditu.
“Zer diren kontuak: plazara atera nahi izan dugun okasio apurretan taxuzko zerbait besapean hartuta atera nahi izan dugu, lehendabiziko obra argitaratu izanaz damuturik diren aski idazleren berri dugu honezkero. Ikasi dugu, ustez, zerk eragiten digun mina begietan, baina zertaz idatzi behar genukeen jakitea falta zaigu, baldin eta esne mamitan bizitakook aparteko intereseko ezertaz ari bagaitezke. Pare bat esaldi ekibokatu papereratzea baino isiltasunaren perfekzioa nahiago dugu aukeran, oi guk, kritikatuko, gaitzetsiko, akaso egurtuko gaituzten beldur garenok”.
Balio dezake ulertzeko, zergatik azken urteotan hain gutxi agertu diren gure artean 20 urteak 30ak baino gertuago dauzkaten literatoak.