“Euskal liburu digitala: bi eredu eta hamaika galdera” titularra jarri genion 2011ko artikulu bati. Bidegurutzean zeuden argitaletxeak gure barrioan, Elkar, Alberdania eta Erein batetik, Gurebooken bilduta; eta Susa bestetik, liburu digitalerako bere plataformarekin —artean nobedadeak saltzen hasi gabe—.
Ia batera iritsi diren bi albistek erakusten dute kaleetako bat itsua dela. Gurebookek hil honetan bere jarduera etetea erabaki du. Bitartean, Susaren egitasmoa 1.000 liburu saltzera iritsi da. Bi urte hauen balantze bat egiten hasiz gero, kontu batzuk nahiko argi ikus daitezke beraz.
Merkatua badago. Merkatutxoa nahi bada, txikia, ez oso garrantzitsua paperekoaren aldean, baina merkatua. Susaren 1.000 liburu horien atzean 300 erosle desberdin baino gehiago daude; bada zerbait.
Arrazoizko prezioekin, sal daiteke. Fitxategi digital batengatik ez zaude prest ordaintzeko euskarri fisikoaren ekoizpen gastua daukan produktu batengatik bezainbeste. Baina inork ez du ez erosteko aitzakia gisa prezioa jarriko. Ez hiru eurori buruz hitz egiten ari bagara behintzat. Hamabi euro badira, kontua asko aldatzen da.
DRMa txarra da mundu guztiarentzat. Eroslearentzat, saltzailearentzat… Horren arrazoiak bikain esplikatu ditu Mikel Iturbek bere blogean. Bere ustez Gurebookek DRMrik erabili izan ez balu, agian egitasmo bideragarria izango zen oraindik.
Hiru argitaletxeek sortutako plataforma itxi da eta Elkarrek du orain azken hitza. Pentsatzen dut e-booken prezio politikan gutxienez zerbait birplanteatu beharko dutela. Egiten ez baldin badute, kaltetuak euren liburuak izango direlakoan nago; eta euskaraz digitalean irakurri nahi duten ehunka lagun horiek.
9 Iruzkin
Neuk erosi ditut lau e-book Susaren webgunean. Metodoa erosteko oso erraza da eta salneurria ez da hain garestia. Nire ustez, 3,64 euro Kirmen Uriberen azken lanagatik ondo dago. Susaren bidea zuzena da euskal liburu eletronikoa zabaltzeko.
Datu gutxiegi post bat idazteko, gainera eman dituzun datuekin garbi dago, momentuz ez dago merkaturik. Susak mila liburu saldu baditu hamabost hilabeteetan, hilero gehienez ere 80 euro irabazi ditu. Momentuz negozioa tramankuluak saltzea da, jakin al daiteke zenbat saldu diren azken hilabeteotan?
Ados, kendu “merkatua” hitza eta jarri “erosleak”. Horiek badaude ala? Funtziona dezakeen apustu bakarra iruditzen zait Susarena (blog honetan Gurebookek sortzen zizkidan zalantzak aspaldi azaldu nituen); eta ulertzen dut zure eszeptizismoa zenbaki gordinei dagokionez Patxi, baina tendentzia kontrakoa dela pentsatzeko datuak ere badaude. Irakurgailu digitalen salmentek behera egin dute munduan. Digitalean irakurtzen duten kopuruak berriz, goraka jarraitzen du.
Merkatua badago leitu dut nik. Igual Merkatua bai, baina Azokarik ez.
Zer dira garrantzitsuagoak egun 80 euro ala 300 irakurle?
Susaren apostua ideologikoa eta teknologiakoa da. Bietan. Batetik literatur edukiak euskarri berrietan modu eskuragarri batean ematea (ebook formatuan) eta bestetik, eskuragarritasun horren alde ideologikoa (DRMrik gabe eta prezio etiko batean).
Gardentasunez jokatzea bezalakorik ez dago.
Eta nik, 300 irakurle hoiek gurago, ezeren gainetik.
DRMari buruzko nire artikulua osatzeko Gurebook eta Susaren salmenta-datuak nonbaiten aurkitzen saiatu nintzen, baina ez nuen ezer aurkitu. Susaren 1000 liburuoi buruzko erreferentzia (publiko)rik bai?
Susaren webgunetik liburuak doan deskargatu daitezkeen aldetik, interesgarria da jakitea zenbatek ordaindu duten liburuengatik webguneak hori egitera behartzen ez duen arren.
Zurekin ados, Patxi, ez dago gardentasunez jokatzea modukorik. Bikaina apustua.
Gorka, diozu: “Irakurgailu digitalen salmentek behera egin dute munduan. Digitalean irakurtzen duten kopuruak berriz, goraka jarraitzen du.”
Nire ustez, honen atzean dagoena da gero eta jende gehiagok irakurtzen dituela liburu digitalak irakurgailu elektronikoak ez diren gailuetan (mugikor eta tabletetan, batez ere). Nago Mp3 erreproduzigailuekin ere antzeko zerbait gertatzen ari dela.
Ba bai, hala izan daiteke. Oso bitxia egiten zait mugikorrean liburuak irakurtzen dituen jendearena, baina geroz eta gehiago entzuten dut, eta badauka bere zentzua. Gailu bakarrean musika, filmak, liburuak etab. edukitzeko aukera baldin badaukazu, zertarako ibiliko zara gauza bakoitza tramankulu batean kargatzen?
Kontua da e-readerrak saldu edo ez, jendeak digitalean irakurtzen duela. Eta Susa dela euskarazko literatura argitaletxeen artean bidea egiteko moduko apustua egin duen bakarra. Gainontzekoek ez baldin badute antzeko bidea hartzen, laster hasiko zara entzuten (ni hasi naiz jada) euskaraz ez dagoela liburu digitalik edo euskarazko liburu digitalak oso garestiak direla edo…
Gorka, erabat ados nago zurekin. Duela egun batzuk Mikeli eskertu nion DRM-aren azalpena. Merkauaren irakurketa egiteko kapaza ez naizen arren “arazoaren” detekzioan bat nator zurekin. Irakurgailu digitalen salmenta jeitsi dela? Gabonetan plataforma ezagun batek euren salmentan marka lortu duela adierazi du ba. Marketina izanen da behar bada. Baina marketina aipatuta. Euskal Literatura nahi nuen nere ebookean eta hori Susak ahalbidetu zidan bakarrik. Beraz, egin dezagun gogoeta. Ez gaitezen atzean geratu….Nere inguruko literatura-zale denek dauzkate ebook irakurgailuak eta denek gauza bera botatzen dute faltan beren tinta elektronikodun gailuetan: euskara.