Literaturan, kazetaritzan, maiz entzun izan dut daukagun erronketako bat dela ahozko euskara, euskara ustez natural hori, nola eraman idatzira. Ez da faltatzen Auspoa bildumako libururen bat eredu gisa jarriko duenik eta ez dut ukatuko, euskaldun izateko estilo jakin bati txapela buruari bezain ongi egokitzen zaio sail horretako lan askotan aurki daitekeen idazkera –pertsonalki, Sebastian Salaberriaren Neronek tirako nizkin gomendatuko nuke–.
Baina “ahozko” estilo horrek bere mugak ditu, ez da ondo egokitzen testuinguru askotara eta beraz, Gilles Deleuzek goiko bideoan apuntatzen duenari kasu egitea interesgarria da.
Estiloa zer den esplikatzeko eskatzen diote eta Proust aipatuz, bete-betean asmatzen duela iruditzen zait: “Estilista bat da bere hizkuntzan atzerriko hizkuntza sortzen duen norbait”. Hizkuntzari tratamendu bat pasa behar zaio eta horrekin batera, hizkera puntu bateraino eraman non, musikarekin muga egiten duen.
Céline jartzen du adibide Deleuzek eta seinalatzen du zein oker zeuden zera esaten zutenak: Gauaren muturrerainoko bidaiaren idazleak ahozko hizkera idatzira eraman zuela.
Afera ez dela hainbeste euskara jator ahozkoa transkribatzen asmatzea; euskara ezinezko bat, bi… asko sortzea dela kontsigna.
Asunto zaila izango da, Deleuzek kritikatzen dituen linguistak kale kantoi bakoitzean aurkitzen ditugula kontuan hartuta; eta konstatatuta, askok hemen uste dutela hizkuntza azkazalak bezain natural eta berezkoa dugula.
3 Iruzkin
Ba nik uste dut, Gorka, euskaraz “atzerriko hikuntza bat sortzeko” eta horrela estilo bat izateko, oso lagungarria izan daitekeela –derrigorrezkoa izan gabe, jakina– zuk “Errezligo euskara txinpartatsua” bataiatu zenuena.
Zuk idatzia da hau: “Non geratzen da Errezilgo euskara txinpartasua PlayStationeko jokoez hitz egiteko?” Nola non geratzen den? Oso baliagarria izan daiteke, eta oso bide ederra, play stationen unibertsoari edo azken belaunaldiko telefonia hiperkomunikatzaileari Errezilgo hizkeraren bizitasuna “aplikatzea”. Ezta Errezilera errepiderik ez balego ere! Nola iritsi zen hortaz Beñat haraino? Oinez? Googlemapez?
Deleuze bizirik balego, euskaraz jakingo balu eta Iñaki Segurolaren testuak irakurri balitu, galdetu ahal izango genioke Iñaki Segurolak ba al duen estilorik. Eta hark ez baldin badu, edo Juan Garziak, edo Joxerra Garziak, edo Koldo Izagirrek, edo Itxaro Bordak, edo Iñigo Aranbarrik, edo Xabier Gantzarainek … zein arraiok duen. Tira, errezildar peto-petoa ez da horietako bakar bat ere, badakit, baina bueno, ulertzen da, ezta?
Horiek denak, ahozkotasuna zuzenean idatzietara eramateko fantasia zoroa baztertuta
–ezintasun horretaz askotan ohartarazi gaituzte idazle horietako askok, hain zuzen ere–, ahozkotasunaren azokatik astero pasatzen direla iruditzen zait niri, eta igartzen zaiela.
Esan bezala –eta hau oso inportantea da–, derrigorrezkoa izan gabe.
Aupa Juan Luis, mila esker erantzunarengatik.
Uste dut erantzun honen parte bat egokiagoa izango zela aipatzen duzun aurreko artikuluan, ze, iruditzen zait bi kontu diferente nahasten ari zarela.
Post hau ahozkotasuna idatzira eramateari buruzkoa denez, horri bakarrik helduko diot erantzun honetan. Eta bai, noski ahozkotasunaren azokatik pasa behar dela, ez al dut ba Salaberriaren liburua gomendatu?
Diodana da, ahozko eredu jakin bat, deitu “Errezilgo euskara txinpartasua” nahi baduzu, ez dela batere erabilgarria segun eta zein testuingurutan. Ezin duzula, adibidez, narkotrafikante bat jarri horrela hizketan nobela batean; edo jarriz gero, narkotrafikante euskaldun peto bat izan behar duela. Bestelako euskara bat, atzerriko hizkuntza baten soinua edukiko lukeen euskara bat sortu behar duzu gainontzean.
Adibidez, AEBetako filmak gaztelaniara bikoiztean langile klaseko afroamerikarren hizkera itzultzeko lexiko oso bat sortu dute, termino batzuk leku komun bihurtzeraino. Guk ez daukagu hori. Eta uste baldin badugu gangsta bat Imanol Lazkano bezala hizketan jar dezakegula, jai dugu.
Portzierto, aipatzen dituzun idazle horietako askok bai lortzen dute aipatutako beste zera hori nire iritziz. Besterik da hori lortzearen atzean ahozko azokan erosketak egitea bakarrik ote dagoen, ala Deleuzek aipatzen duena, hizkuntzari tratamendu bat ematea. Nire ustez bigarrenetik gehiago du.
Esan zuen poetak: batak ez du bestea kentzen.