Soka tenkatu bai, baina ez da eten oraingoz: Durangoko Azokaren antolamenduari buruzko gutxieneko akordioa bilatzeko epe bat jarri zuten atzo Gerediaga elkarteko kideek eta Azokaren inguruko guneetan parte hartzen duten taldeek.
Martxora bitartean saiatuko dira antolamenduari buruzko minimoak zehazten eta horietan ados egonez gero, Azokak koordinazio mahaiaren ereduarekin funtzionatzen jarraituko du, hau da, Aiert Goenagaren gidaritzapean martxan jarri zen ereduarekin.
Kontsentsurik ez oraingoz, beraz: Azokaren inguruko guneetako ordezkariek ez dute begi onez ikusi Goenaga zuzendari kargutik kentzea eta atzo tentsio handiko bilera izan zuten Gerediagako ordezkariekin. Bileraren ostean prentsa-ohar bateratua argitaratzeko aukera mahai gainean egon zen arren, guneetako ordezkariek nahiago izan zuten minimoak zehaztu arte gaia itxitzat ez ematea.
Aiert Goenaga Azokako zuzendari ohiak aferari buruzko bere ikuspegia eskaini du ostiraleko Berria egunkarian. Bere esanetan, koordinazio mahaiak egitarauari buruzko erabakiak hartzea problema izan zen Gerediagarentzat.
3 Iruzkin
Egunon Gorka.
Lehenik eta behin eskertu beharrean nago. Euskal prentsako kazetariak eta profesionalak, datuak argitzeko, informazioa eskaintzeko egiten ari zareten lanagatik.
Egia esan, euskal kulturgintzan dekanoa behar luken erakundeak oztopo asko jarri arren, hemendik eta handik tiraka, ari zarete informazioaren haria eskaintzen. Zorionak.
Bigarrenik adierazi, delako koordinazio mahai horretan, irakurri dudanagatik, orain arte ere Gerediaga elkarteko bi kide zeuden: Aiert Goenaga zuzendaria, eta Aitziber Atorrasagasti kudeatzaile/gerentea. Bilera guztietara biak joaten omen ziren.
Hortik aurrera, bakoitzak bere ondorioak.
Euskal prentsa arduratsuaren lana izango da, Durangoko azokari buruzko eztabaida soziala, kulturgintza eta eredu klabeetan eskaintzea. XXI. mendean gaude, eta partehartzea, sozializazioa, horizontaltasuna, gardentasuna… balore berritzaileak eta beharrezkoak iruditzen zaizkigunontzat -eta urtez urte, azokan lanean egoten garenontzat- eztabaida hau funtsezkoa izan daiteke.
Garden, publiko eta takigrafoekin.
Gerediaga elkarteak jakin beharko du, guzti hori bideratzen, entzuten, aztertzen eta gogoetatzen ere. Garaien lekuko, eta egoeraren berri izanez. Gu guztion iritziak ere, -eta gehiengo isilarenak, bidenabar esanda- kontutan hartuta.
Durangoko Azoka gauza handia da, irudi negargarri hau ematen ibilteko.
Aupa Patxi, mila esker erantzunarengatik eta puntualizazioarengatik, azken esaldia kendu dut horrenbestez.
Gainontzean ados nago. Seguruenik bai kasu honetan gertatu dena, baita beste asko ere, ez lirateke hain gai “larriak” izango eztabaidaren kultura errotuagoa dagoen herrialdeetan. Baina kultura hori eztabaida sustatzearen poderioz ere sortzen dela uste dut eta hori gure lana dela neurri handi batean.
Eta espero dut kontu hau bideratzen asmatuko dutela parte hartzen duten agenteek.
Kaixo,
eskerrik asko informatzeko egiten ari zareten ahaleginagatik eta ikuspuntu ezberdinak agertzen saiatzeagatik.
Pena bat da euskalgintzaren eredurik nabarmenena eta ezagunena egoera horretan ikustea eta gehiago, egoera larri eta penagarri batetara heldu izan dela jakitea.
Gerediaga Elkarteak hausnarketa sakona egin behar duela uste dut; ez bakarrik sortu den arazoagatik, gizarteratu duen mezuagatik ere bai. Larria iruditzen zait, baina hau nire ikuspegi pertsonala da, besterik ez.
Azken finean gure kultura da ere kaltetua arazo honetan. Kultura letra larrietan: ez al da ere kulturaren adierazpen bat gaur eguneko gizarteak eskatzen duen kudeaketa molde berrietara, berritzaileetara eta zabaletara egokitzen jakitea?
Gora Durangoko Azoka eta aurrera!