BEZa igo eta antzokiak hustu

Gorka Bereziartua
0

Espainiako Gobernuak antzokietako BEZa %21era igotzeak eragin kaltegarria izan du.

Espainiako Gobernuak BEZa igotzeak arte eszenikoen sektorea itolarrian jarri du: Norka Chiapussok Artez aldizkarian idatzitako artikulu batek ematen du larritasunaren neurria. FAETEDAk (Espainiako Estatuko Antzerki eta Dantza Elkarteen Federazioa) zergaren inpaktua aztertzen duen txostena aurkeztu zuen martxoaren 21ean Chiapussok dioenez eta zenbakiak izutzekoak dira:

1.798.394 ikusle galdu dira urtebetean (%31,43 gutxiago).

600 lanpostu galdu dira.

Enpresen diru-sarrerak %32,98 jaitsi dira.

Eta BEZa igotzeak ez dio Estatuari diru gehiago ekarri. Zergen bidez jasotako diruak (BEZa, PFEZa eta Sozietateen Zerga kontuan hartuta) 2.978.151 euro gutxiago izan dira iazko datuarekin alderatuta.

2012ko irailean igo zuen BEZa Espainiako Gobernuak antzokietan, %8tik %21era eta erabakiak hiru “efektu gaizto” izan ditu Chiapussoren ustez.

1) Herritarren eros-ahalmena jaitsi da eta beraz gutxiago gastatu dezakete antzokietan.

2) Antzokien kostuak igo dira: “Dena da garestiagoa, beraz katxetak igotzen dira eta gastu zuzen eta zeharkakoak garestitzen direnez, kontratazioa erortzen da berriz, edo gutxitu egiten da”.

3) Dagoen publikoarekin ere ez dago gauza handirik egiterik, izan ere, ordaintzen dutenaren heren bat zergen poltsara eta egileen gastuetara doa. “Adibidez, antzoki batek 10.000 euro biltzen baditu saio batean, jakin behar du 6.500 euroko etekin garbia izango duela. Horren parte bat konpainiarentzat da eta beste partea antzokiarentzat. (…) Antzerki talde batek 12 lagun baldin badauzka, dagokion zatiarekin bere gain hartu behar ditu 12 bidaia, 12 egonaldi (bi egunekoak gutxienez), dietak, soldatak, PFEZak, eszenografien garraioa eta materialena, promozioa eta gastuen zerrenda luzea”.

Egongo da esango duenik, eta ez zaio arrazoia faltako, gauzak egiteko bestelako ereduak ere badaudela, ekonomikoki jasangarriagoa den antzerkia egin litekeela, talde txikiak, areto txikiak, tour txikiak… Baina egia da, era berean, Espainia dela antzokietako BEZa hain altu daukan bakarra: Alemanian %7, Frantzian (eta beraz Ipar Euskal Herrian) %2,1, Suitzan %2,5 eta Norvegian %0 (bai, zero).
“A, baina horiek Europa dira”, dio PIIGS kontzientzia oso barneratuta daukan norbaitek. Portugalen teatro sarrerek %13ko BEZa dute, ordea. Lotsa galanta, gutxienez lusitaniarrak baino zibilizatuago, kultuago eta aberatsago zirela uste zuten espainiar eta ez-hain-espainiarrentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA