“Enpresek abandonatutako tripulazioak hor egon dira beti, Bilbon, Pasaian zein Bokalen. Nahikoa da begiak izatea ikusteko. Ez da oraingoa, eta unibertsala da”. Asteartean irakurritako albiste batek ekarri dizkit gogora Iñigo Aranbarrik Zamaontzia nobela argitaratu zuenean esandako hitz horiek: “Baionako portua: Guimaraesko marinelak etxera itzuliko dira”.
Astebetekoa behar zuen egonaldiak, bi edo hirukoa gehienez. Hamar hilabete pasa dituzte portutik atera ezinda. Ontziaren jabea, Naveiro sozietate portugaldarra, zorretan itota dago. Ia urtebetez Baionan egon diren marinel errusiarrek ez zuten barkua utzi nahi, pentsatuz hori eginez gero nagusiak argudiatu ahalko zuela beren lanpostuak abandonatu zituztela. Frantziako Estatuak esku hartu duenean askatu da korapiloa.
Historia ezaguna, e? Santurtzi jarri Baionaren lekuan eta Aranbarriren nobelako osagai inportante bat hortxe dago. Marinel horien eta hilabeteotan lagundu dieten lapurtarren historiak geratuko dira kontatu gabe. Kazetariok oraingoan ere egin ez dugun lana, duela bi urteko nobela batean daukazu, zorionez.
PS: Eta post hau idaztea lortu dut topikotzarrean erori gabe, hau da, “fikzioak errealitateari aurrea hartu dio” esan gaboh, wait.
3 Iruzkin
Baina “Zamaontzia” ere benetako historia batean dago oinarrituta. Bilbon bertan gertatutakoa. Eta besteren bat ere uste dut duela gutxira arte ere horrela egon dela!
Marinel gizajoak abandonatuta, Gurutze Gorriari esker lortzen zuten janaria!
Fikzioa eta errealitatea, txanpon beraren alde bi.
Aupa Leire: efektibamente, benetako gertakariak ditu abiapuntu ‘Zamaontzia’-k, baina uste dut Bilbon ez, Patagonian izan zuela Aranbarrik horrelako historia baten berri, gero hemen ere topatu zituen arren. Hitzen Uberan webean (non bestela!) egin zioten elkarrizketa honetan kontatzen du: http://uberan.org/?gatzetan-gordeak/elkarrizketak/item/inigo-aranbarriri-elkarrizketa-2
Aupa, Gorka! Hitzen Uberan kontatzen badu Aranbarrik berak, Patagoniako horretan inspiratuko zen, ziur.
Bina badakizu, hainbeste lekutatik datorkigu informazioa, non azkenean dena nahastu eta nahaspilatzen dudan (espezialista naiz horretan).
Halere, esango nuke Bilbon egon zela asko ez dela horrelako kasu bat. Bila ibili naiz eta hauxe aurkitu http://www.deia.com/2012/01/05/bizkaia/el-propietario-del-39porto-leone39-salda-su-deuda-con-la-tripulacion Tira, zoritxarrez, ez da oso arraroa!
Dena den, Patagonia, Baiona edo Bilbo izan, argi dago egoera etsigarri batek liburu bikaina inspira lezakeela!