Lagun batek badu teoria bat Ramon Saizarbitoriaren inguruan. Bere ustez, nobela berriren bat argitaratu ondoren eskaintzen dituen elkarrizketetan, kazetariak, kritikariak eta irakurleak oro har despistatzera jokatzen du, esku artean darabiltzan obren erreferentziak ezkutatuz eta zerikusirik ez duten beste batzuk emanez.
Horregatik izan da posible lagunaren ustez, urteetan kritikari zenbaitek eta kazetari askok nouveau romanaren kontua paseatzera ateratzea Saizarbitoria agertzen zen aldiro, klixe bihurtzeraino; eta horrela jarraituko genuen, lagunak dioenez, Mikel Hernandez Abaituak “Joyce!” esan izan ez balu, “aski da” oihukatzen duenaren moduan.
Ba, Martutene argitaratu zenean beste izen bat agertu zen alde guztietan: Max Frisch. Liburuari egindako kritika ia denek aipatu zuten Frischek nobelan daukan garrantzia –eta zalantzarik ez, Montauk asko aipatzen da–; bestelako erreferentziak ere agertu dira (Cervantes nabarmendu zuen Jon Kortazarrek; Thomas Mann eta Philip Roth seinalatu zituen Joseba Gabilondok; zuzenean aipatua den Flaubert ere bai, batek baino gehiagok…), baina Martutenen eragina izan duten idazleen sailkapena egingo balitz, Homo faberen egileak jantziko luke maillot horia.
Urtebete pasa da publikatu zenetik eta hara non datorren laguna esanez berriz ere sartu digula ziria Saizarbitoriak.
Argitaratu eta berehala leitu zuen, ondo dakit ze, bi hilabetez hikikomori baten antzera bizi izan zen –ia 800 orrialdek diziplina eta, batez ere, agorafobia eskatzen dute–. Behin nobela bukatuta eta Frischen aukera deskartatuta, bestelako erreferentziak bilatzen hasi zen. Lan erabat inproduktiboa gertatu zitzaiolakoan nengoen, urrutiena Lynn pertsonaia eta Nabokoven Lolita konparatzera iritsi baitzen.
Nire sorpresa, aurreko batean Igelak argitaratutako liburu bat ekarri zidanean. XX. mendeko literatura ingelesaren obra garrantzitsuenetakoa da –egileari behin esan ziotenez, ingelesez idatzitako nobela frantsesik onena–, eta lagunaren iritziz, pare bat ezaugarrik ezinbestean Martutene inspiratu duen obra bihurtzen dute.
Ford Madox Forden Historiarik goibelena da liburu hori. Eta hauek dira lagunaren ustez Saizarbitoriaren azken nobelarekin partekatzen dituen ezaugarriak.
Bat. Giro burgeseko nobela da eta bi bikoteren arteko intriga sentimentalak dira nobelaren erdigunea, I. Mundu Gerra aurreko Europan. Infidelitateak pisu handia du istorio osoan, baita bikote harremanak estatus sozialarekin daukan loturak ere eta oro har, botere-erlazio domestikoak Saizarbitoriaren nobelakoarekin konparagarriak direla uste du lagunak. “Gehitu horri protagonistetako batek, Edward Ashburnhamek, Nancy Rufford gaztearekin daukan afera eta pertsonaien koadroa Martuteneren oso antzekoa dela konturatuko zara”.
Bi. Ezin zara narratzaileaz fidatu, ez Martutenen, ez Historiarik goibelenan. Eta lagunaren ustez, nobela kontatzeko ezinbestekoa da hori: “Narratzaile helduak dira eta modu deliberatuan faltsutzen dute une jakin batean euren buruari eta gainerakoei buruzko kontakizuna, zenbait portaera ezkutatzeko asmoz”. Ezer ez da dirudiena bi nobeletan, narratzaileek pertsonaiak modu batera erakusten dituztelako orain (indartsu, sentibera, bare, erostezin…) eta justu kontrara gero (ahul, bihozgogor, urduri, ustel…). “Pertsonaiak antzekoak izan litezke eta nobelak erabat diferenteak” dio lagunak, “baina bi liburuetan narratzailearen teknika hain antzekoa izateak susmoak piztu beharko lituzke”.
Baten bati –ni aurrenekoa– nahiko erredukzionista irudituko zaio konparazioa antzekotasunak bezain erraz aurki baitaitezke diferentziak, egiatik zer edo zer izan dezakeen arren. Hori bai, Historiarik goibelena irakurri ostean ondorio argi batera iritsi naiz: nobela bikaina itzuli zuen Xabier Olarrak 1999an eta merezi du irakurri on bat baino gehiago.
1 Iruzkin
Egia da bai elkarrizketetan eta bai liburuetan maiz aurki ditzakezula Saizarbitoriaren joko horiek, zenbaitetan sedukzio kutsua hartzen dutenak: ez naiz gai istorio bat hasi eta buka kontatzeko, hau arazoa, horregatik ateratzen zaizkit hain arraro egituraturiko nobela horiek… eta gero ezustean Gorde nazazu lurpean, Kandinsky…
Soilik interesatzen zait trauma erakusten duen literatura; eta zuk egin zenion elkarrizketan: ez dut apaizei buruzko libururik idatzi traumatikoa izan zaidalako.
Azkena: sarritan esan izan du oso oroimen txarra duela, horregatik idazten duela, gogoratutakoa ahaztu ahal izateko…
Lehengoan Bakioko batzokian bazkaldu nuen (bazkaltzen ari nintzela gizon heldu batek zerbitzariari: ‘no es por nada pero tenéis mal escrito en el menú: no es albóndigas, con be, ez almóndigas, con eme’; ‘gracias, en seguida lo corregimos’).
El Correo-n, Idoia Estornés-i elkarrizketa: http://paralalibertad.org/me-abochorna-el-victimismo-vasco-como-persona-y-como-historiadora/
Saizarbitoriaz dio: “además de literato excepcional es otro memorión que guarda un arcano en sus mientes”.
Sinesgarria da, egiantzekoa.
Ulergarria da Saizarbitoriak bere burua erakusteaz batera ezkutatzea, hurbiltzen zaion jendea despistatzeko duen beharra. Neurotiko obsesiboek ia inoiz ez dute beren arazoez hitz egiten, lotsagarriak zaizkie. Alde patologiko horrek ere balio berezia ematen dio Saizarbitoriaren obrari.
Gainera, kalean aurkitu eta nekez sumatuko diozu neurotiko obsesiboari bere oinazea. Baina oinaze hori ikaragarria izan liteke. Oro har, komikotzat jotzen ditugu “Bihotz bi”ko entziklopedistaren arrazoibideak, eldarniozko logika hori, haren ezinegona. Neurotiko obsesibo batek irakurriz gero, arrazoibide, ezinegon eta logika horren azpian dagoen sufrikarioaren berri emango dizu agian. Ziur aski, ez dizu emango, ez baitu nahiko bere eritasuna igar dakion.
Neurotiko obsesiboak, maitale gisa, maitearen eskaera etengabe nahi du bereganatu, maitearen eskaera hori desiratzen du. Eta idazle gisa berdintsu: irakurleen eskaera bereganatu nahi du, irakurleen eskaera hori desiratzen du. Hori dela eta, idazlea kexu izaten da bere obraz jendaurrean mintzatzeko deitzen diotelarik, horrela ezin omen baitu obran behar bezala kontzentratu; baina garrazkiago da kexu deitzen ez badiote, inork ez badio inoiz ezer eskatzen. Hilik da orduan. Ordea, berehala ohatzen da bizialdia igarotzeko modurik eroso eta politenetakoa dela hilik.
Idazle franko da neurotiko obsesibo. Saizarbitoriak dio idazle askok neurosiak eragin oinazetik ihesi idazten duela (Martin). Beti horrela balitz, primeran. Tamalez, berez zoriontsu samarra izateko jaio den jendea arrazoi kontingenteengatik idazketaren, irakurleen desiraren eta honetaz jabetzeko idazleen arteko lehiaren atzaparretan erori eta neurotizatu egiten da. Hainbat jenderen bizitza izorratu du idatzi behar aizun horrek.