Biografiak eta tabuak

Gorka Bereziartua
11

Elias Querejeta.

Denak ados gaude: inori ezin zaizkio leporatu bere aitak egindako kalteak eta ezin da inoren obra artistikoa epaitu haren familia abiapuntutzat hartuz. Kazetaritza kulturalaren funtsezko premisa izan beharko litzateke obra, obra, obra, obra lehenestea eta ez obraren egileari buruzko inolako kontu pertsonal.
Gertatzen da ordea, berriki Elias Querejeta hil dela eta ez bere obra. Eta Querejetari buruz idatzi direla egunotako orri guztiak, haren lanez gain zinegile hernaniarraren dimentsio pertsonala ere azpimarratuz.
Querejeta aurkeztu zaigu tipo aurrerakoi, konprometitu eta antifrankista gisa, bake-prozesuan engaiatua… etc. Egin edo ekoiztu zituen filmak baloratzeko batere balio ez duten kontuak denak, baina inoren asaldurarik eragin ez dutenak.
Aldiz, ez dut aurkitu artikulu askorik bere aita aipatzen duenik. Deigarria da nola pertsona baten biografian beti komentatzen den datu hori; eta nola kasu bakan batzuetan, intentzio argiz isiltzen den.
Querejetaren aitak 36ko Gerra bukatu ondoren Gipuzkoan kargu garrantzitsu bat izan zuen, diktadurak pagatua (gerra bukatu ondoren, eta ez pieza honetan aipatzen den moduan, 1934an). Horrek ez duenez semearen obra baloratzerakoan eraginik, ez dakit zer dela-eta ezkutatu behar den.
Akaso guk ere sinetsita daukagulako Espainiako eskuinak memoria historikoaren inguruan zioen hura? Ez dela komeni iragana gehiegi mugitzea? Edo agian dimentsio pertsonal polit hori, obrarekin zerikusirik ez duena, zinezaleari bost axola zaiona (ezta?), apur bat ilundu dezakeelako?
Ez dakit. Niri beste datu bat iruditzen zait. Ez gehiago, ez gutxiago.
Argi dago jende askori ezetz, Pello Zubiriak astelehenean idatzitako artikulua kontrako eztarritik joan zaio bati baino gehiagori datu hori nabarmentzeagatik.
William Douglassek Heriotza Murelaganen zioenaz akordatu naiz: antropologoak esplikatzen zuen Euskal Herriko errito funerario tradizionalen barruan, defuntu baten gaubelan haren pertsonalitate soziala “garbitzen” dela.
Mende erdi pasa da Douglassek baserri haiek utzi zituenetik eta bitxia da nola urbanitak, kultuak eta modernoak bilakatu garen XXI. mende honetan, duela 50 urte galtzen ari ziren ohitura kristauak mantendu bakarrik ez, prentsako ohiko praktika bilakatu ditugun. Familia batzuekin behintzat.

11 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA