Imanol revisited

Gorka Bereziartua
6

‘Herriak ez du barkatuko’ diskoaren azala.

Imanolen Forjarien kantara iritsi nintzen aurrekoan ustekabeko lotura baten bidez eta sentsazio arraro batek hartu ninduen, gustatu egin zitzaidalako.
Azalpen laburra: txikitan antiguotarraren kanta asko entzundakoa naiz, gurasoek atsegin zuten. Transmisio-paradigman sinesten dutenak harrituko dira agian, baina horrek ez nau Imanolen jarraitzaile egin, nerabezarotik aurrera haren kasetak, belaunaldikide gehienenekin batera, zapata kaxa batera joan ziren.
Itzul gaitezen Forjarien kantara, 1976ko Herriak ez du barkatuko diskoan argitaratua Gwendalen laguntzarekin. Gogoratzen nuenaren oso bestelako Imanol bat da hau, mailuka eta erredobleka ari den Arnaud Rogersek lagunduta, Bruno Barreren biolinkadekin gatzozpindua. Folk erradikala, musika tziganoa ia.
Konparatu hamar urte geroago egiten ari zen diskoekin (Oroituz, Mea kulparik ez); nire irudiko, askoz okerrago zahartu dira. Pianoarekin egindako moldaketek eta garaiko joerei lotuegiak diruditen produkzio karamelatu handiusteek nekez harrapatuko dute entzule berririk; zenbait gauza deskribatzeko “hortera” da ateratzen zaidan hitzik zehatzena.
Eta ez al da antzeko zerbait gertatzen Laboarekin ere? Sei diskoa entzun (1985) eta Bat-Hiruko (1974) piztia kaiolan sartu dutela pentsatzea ia saihestezina da.
Hamarkada batean lan interesgarriak egitetik gainbeherara, bitxia da nola baliabide gehiago eduki zituztenean hasi ziren huts egiten bai Laboaren, bai Imanolen diskoak. Galdu egin zuten sorpresa, bilaketa, arriskua. Bizia galdu zuten, nahiz eta oraindik ez dugun urte haietako zenbait diskoren birika artifiziala entxufetik atera.
Bizi daitekeenari heldu behar zaio. Beharrik, ez gara XX. mendean bizi eta Herriak ez du barkatuko deskargatu daiteke. Diskoa ez da maisulana, baina fresko mantentzen da. Berreskuratzea merezi duen Imanol bat dago hor, artean irakiten zegoena. Bestea, gurasoen eskutik ezagutu nuena, nahiago dut zapata kaxan.

6 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA