Anton Reixari ostikoa eman diote SGAEn

Gorka Bereziartua
0

Anton Reixa, duela astebete (argazkia: EFE).

Batzar tirabiratsua izan zuten duela aste eta erdi egile eskubideen kudeaketa monopolizatzen duen Espainiako elkartean eta ondorioak berehala etorri dira: Anton Reixa galiziarra SGAEko presidente kargutik kentzea erabaki du elkarteko zuzendaritzak.
Kaleratzea esplikatzeko hiru arrazoi ematen ditu El Mundok, asuntoari buruz dakarren piezan:

1) SGAE ez dago oso aberats diruz.
2) Reixa Julio Salinas area barruan bezain baldar ibili da zuzendaritzan.
3) Botere-borroka dago guztiaren atzean.

Azken hori iruditzen zait helduleku sendoena. Aurtengo martxoan Reixak argitaratu zuen artikulu bat nahikoa arrazoi izango zen elkarte horretako edozein zuzendariren burua pirritan joateko, denok susmatzen genuenari (familia napolitarrei batere inbidiarik ez dietela izan eguneroko praktiketan SGAEko zenbait bazkidek) xehetasun argigarriak eransten zizkiolako.
Baten batek pentsatzen bazuen Reixaren eskutik Espainiako egile eskubideen kontubernioa zer edo zer txukunduko zela, gutxienez posible izango zela gaupaseroak familia bazkarirako alkandora zuria janzten duenean bezala egitea, hor dauka erantzuna Galizia baino kanibalagoak direnen partetik. Carallo!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA