Murrizketen ondoren, mezenasgo kulturala

Gorka Bereziartua
0

Sanchez de Muniain proiektua aurkezteko agerraldian (argazkia: Europa Press).

Nafarroako Gobernuak lege aurreproiektua onartu du mezenasgo kulturala bultzatzeko. Besteak beste, ekintza kulturalak diruztatzen dituzten pertsona fisikoen errenta aitorpenean %50eraino irits daitezkeen kenketak ezartzen ditu; enpresen kasuan, sozietate zerga %30 gutxitzea.
Herrialde anglosaxoietan eredu horrek hemen baino tradizio handiagoa dauka eta badago pentsatzen duenik kultura horrela finantzatzeak —dirudunei kultura sustatzeagatik sari fiskalak emanez eta erakunde publikoak bigarren planoan utziz—, ekartzen duela gizarteak kulturgintzan rol aktiboagoa hartzea.
Nik hori uste dutenei liberal esaten diet; eta inolako herrarik gabe diot, pentsamolde baten deskribapen gisa.
Gainera, Nafarroara etorrita proposamena irrigarri samarra gertatzen da: Juan Luis Sanchez de Muniain Kultura kontseilariak Gobernuaren ekimen honen berri emateko prentsaurrekoan crowdfundinga eta beste hitz molanteren bat ahotan hartzea komikoa da, kontuan izanda kulturako aurrekontuetan artazia hezurra ukitzeraino sartzeko beldurrik ez dutela izan.
Baina ez da hor bukatzen txistea, orain dator karakolaren derrapea. Mezenasen diruak nork poltsikoratu ditzake aurreproiektuaren arabera? Nafarroako kultur elkarteek, noski; Nafarroako administrazioak eta fundazio publikoek, museo, liburutegi eta abarren kudeatzaile diren heinean, koanto; eta Eliza Katolikoak, prefosta, horiek ere kultura sustatzen baitute igandero ostiak partitzen.
Beraz, Nafarroako aberaskume, badakizu: non sartu ez dakizun billete zakuren bat baldin badaukazu, apaizek eskertuko dizute eta Nafarroako Gobernuak sekulako mimo fiskalak emango dizkizu. Den-den-dena kulturaren eta Nafarroaren alde.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA