Simon Reynolds musika kritikariari irakurri diogu duela gutxi, kontzertuetako tentsioa asko apaldu dela bere inguruan. Horren zioen bila, nabarmentzen du zuzenekoak jada ez direla jendearentzat bere burua husteko balbulak; kontzertuek galdu egin dutela iraganeko gaitasuna inpultsu antisozialak ateratzeko (gogorarazten du Reynoldsek, “antisoziala soziala da oraindik; aldiz, asoziala anomikoa da”).
Ingalaterrako kazetariaren pesimismoarekin bat egiten dut, nire inguruan ere asko aldatu da kontua azken 10-15 urteetan eta seguruenik lehen kontzertura doan gaztearen motibazioen zerrendan entretenimenduak gaina hartu dio beste arrazoiei. Hori ona ala txarra den, norberak juja dezala. Nik faltan botatzen dut musikak “beste zera hori” ere esan nahi izatea.
Baina beti dabil zerbait, beti bada norbait. Bilatu besterik ez da egin behar. Zentzu horretan, azkenaldiko egitasmo musikal interesgarrienen artean dago nire ustez Fundación Robo. Wu Ming idazle kolektiboak literaturan bezala, Lapurreta Fundazioak sorkuntza kolektiboa eta aldarrikapena uztartzen ditu dosi orekatuetan.
Espainiako Estatuko hainbat musikari bildu dira, asko euskaldunak –Joseba Irazoki, Ibon Rodriguez, Anari, Miren Iza, Karlos Osinaga, Mursego, Giorgio Bassmatti, Kokoshca…–, eta 2011tik hona elkarlanean 28 kanta sareratu dituzte Creative Commons lizentziapean, doan deskargatzeko moduan.
Roberto Herrerosek (Garzón taldeko kide ohia, gerora Grande-Marlaska bihurtu zena) duela pare bat urte idatzitako artikulu honek ongi laburbiltzen du proiektuaren filosofia.
Helburua, Nacho Vegasek elkarrizketa batean zioenez: musika herrikoia, pentsamendu kritikoa eta ekintza uztartzea. Herrerosek elkarrizketa berean dio konpromiso politikoa kantek diotenetik harago doala, euren abestiak zabaltzeko moduraino: “Nire ustez hori da musikari ‘engaiatu’ askok gainditu gabe daukaten ikasgaia, zabaltzen dituzten ideiekin bat ez datozen kudeaketa ereduak onartzen dituztelako”.
Musika esperientzia kolektibo eta kohesionatzailea dela diote eta M15 mugimenduaren soinu-bandatzat hartu izan dituzte. Baina Robokoek diotenez, asko jota mugimendu horren alboan egon nahi dute, inoren ordezkari, ezeren lider altxa gabe.
Jo eta jo Iberiar penintsula osoa zeharkatu ostean iritsi zaie momentua uzta biltzeko. CD bikoitza argitaratu dute finantzazio kolektiboari esker eta DVD bat ere gehitu diote, hiru bideo eta dokumental bat jasotzen dituena.
“Populismo musikala” deitzen diote, baina Robok ez dauka zerikusirik gurean hain hedatua egon den musika panfletero errazarekin. Fundazio berezi honi buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, ez egin zalantzarik, lur hau zurea da: webgunea, bandcampa eta Twitterra etengabeko martxan ari dira.
1 Iruzkin
[…] caseras de Fundación Robo dokumentala eta ondoren mahai ingurua hainbat gonbidaturekin (honi buruz zerbait idatzi genuen duela ez asko). • Irailak 27, ostirala, Londres no es Sevilla dokumentala. • Irailak 28, […]