“Kaixo, hemen nago” esanez bezala kantatzen duen gizonak, “haitzuloko zulo sakonenetik nator” esanez bezala abesten duen tipo horrek, Bill Callahanek, Donostian zita dauka datorren urtean.
Gaur irakurri dugunez, 2014ko otsailaren 25ean Gipuzkoako hiriburuan aurkeztuko du Dream river disko berria, labetik ateratzear dena bidenabar, hil honen 17an argitaratuko baita.
Callahanek bere izenez sinatuko duen bosgarren diskoa izango da (ondo egokitzen zitzaion “Smog” ezizenarekin egin zuen 1990etik 2005erainoko ibilbide musikala).
2011ko maiatzean ere izan genuen Donostian, kontzertuetarako gutxitan erabiltzen den Antzoki Zaharrean (oraingoan Kursaaleko ganbera aretoan ariko da) eta ez ahazteko modukoa iruditu zitzaidan.
Orduan grabatu zituen Aitor Brontxek Callahan eta banda America! jotzen. Gozamen hutsa.