Bosniako gerraren arrastoek turista australiar batengan duten eragina erakusten du Jasmina Zbanicen For those who can tell no tales filmak.
Istorioaren hasieran Kym Vercoe ikusiko dugu poliziaren galderei erantzuten, ea zertan ari den Visegraden (Ivo Andric Nobel saridunaren herria). Flashback bat ondoren, sei hilabete lehenago Vercoek Bosniara egiten duen bidaia kontatzeko: Visegradeko hotel batean hartuko du ostatu eta zerbait arraroa nabarituko du. Oporretatik bueltan jakingo du hotel hura emakume musulman asko bortxatzeko eta hiltzeko erabili zutela eta Bosniara itzultzeko beharra sentituko du.
Bigarren bidaian, galdera deserosoak egiten hasten denean, horma baten kontra bezala joko du gerran gertatutakoez hitz egiteko tabuarekin. Ahaztura hori da filmeko ardatza.
Esango nuke planteamendutik datorrela filmak landu nahi duen gaia azaleratzeko ezintasuna: gerra tabu bihurtu bada, are tabuago da atzerritar batekin horretaz hitz egitea. Eta pelikulak ez du lortzen sakontzea herri batek bere biztanleriaren zati baten kontra egin dituen basakeriak estaltzeko eduki ditzakeen motibazioetan. Azalean geratzen da, turista saiatuena ere geratuko litzatekeen bezala.
Bere alde, protagonistaren eboluzio interesgarria, udatiar mendebaldar tipikoa izatetik bisitatu duen lekuarekin beste maila bateko konpromisoa edukitzera. Filmak norabidea badu. Baina ez du gaia planteatzetik harago joatea lortzen.
SAIL OFIZIALA
For those who can tell no tales
Zuzendaria: Jasmina Zbanic.
Aktoreak: Kym Vercoe, Boris Isakovic, Jasna Djuricic, Leon Lucev, Simon McBurney.
Bosnia-Herzegovina.
77 minutu.
2 Iruzkin
Apa Gorka,
Orain arte sail ofizialean ikusi dudanetik gehien gustatu zaidan pelikula izan da. Agian, diozunez, hitzegiteko ezintasun hori da gaia baina uste dut pelikulak asmatu egin duela emakume horiekiko oroimena azaleratzen, sinbolikoki soilik bada ere. Niretzat hor dago pelikulak duen indarra. Era berean, hain zuzen, hankasartzea iruditu zait gertakari horien motibazioa azaltzeko edo ageri den saiakera bakarrenetakoa, zuk aipatzen duzun azalkerian geratu dena: serbiarrak historiara jo eta musulmanen okupazioa aipatzen duenean. Momentu horrek pelikulari kalte handia egun diola uste dut. Pelikularen mamiak (basakeria jasan duenaren oroitzapenak) ezertarako behar ez zuena, postura hartze garbia ere bai. Eta bai, badakit: emakumeak musulmanak ziren eta astakeria horiek serbiarrek egin zituzten.
Bestalde aukera polita da hau Chris Markerren “Casque bleu” berrikusteko, NBEren aginduetara Bihacen egon zen soldadu frantsesari egindako elkarrizketa.
[…] CC-by-sa: Gorka Bereziartua, Boligrafo Gorria. […]