Zuk non duzu zauria?

Gorka Bereziartua
2

Fernando Francok zuzendu du 'La herida'.
Fernando Francok zuzendu du ‘La herida’.

Pertsonaia-ikerketa da Fernando Francoren La herida filma. Faktura aseptikodun lana, Marian Alvarezen interpretazio sendoan oinarritzen da.

Anak diagnostikatu gabeko mugako nortasun-nahasmendua dauka eta horrek bere eguneroko bizitzan nola eragiten dion erakusten du filmak. Bere burua zauritzen du zigarroekin edo ebaki txikiak eginez, buruaz beste egiteko aukeraz hitz egiten du Interneteko txat batean, mutilarekin harreman zaila dauka eta amak, dena ikusten duen arren, ez daki nola jokatu. Korapilo berezirik gabeko istorioa da, protagonistaren gorabehera psikologioetan ardazten da eta asmoa hori izanik, ondo betetzen du helburua, uneren batean egiantzekotasunak huts egiten duen arren.
Seguruenik Zinemaldiaren beste uneren batean ikusi izan bagenu harrera suharragoa egingo genion Fernando Francoren opera prima honi, baina festibalaren puntu honetan, astebetez zinema-otordu pantagrueliarrak irentsi ondoren, ni behintzat apur bat mizkin jarri naiz dramatzarrentzat. Baldintzapen horretatik kanpo ikusi nahiko nukeen filma da, merezi duela uste dut eta ez nintzateke harrituko Alvarezek emakumezko aktore onenaren saria irabaziko balu.
SAIL OFIZIALA
La herida
Zuzendaria: Fernando Franco.
Aktoreak: Marian Álvarez, Manolo Solo, Rosana Pastor, Andrés Gertrudix, Ramón Agirre.
Espainia.
98 minutu.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA