Ama-seme latinoak atzealde grisarekin

Gorka Bereziartua
0

Rondón, Urrezko Maskorra eskuetan duela.
Rondón, Urrezko Maskorra eskuetan duela.

Nahiko itxurosoa zirudien palmaresa bi sari handienekin hondatu dute. Zinemaldiaren aurreko edizio batzuetan ez bezala, bazirudien aurten kontsentsua izango zela nagusi, hasi Marian Alvarezek La heridarengatik jaso duen emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorretik, pasa Quai d’Orsayren gidoi onenarenetik eta Jim Broadbenteraino, irrigarri, sotil eta ertz ugari erakutsiz Le week-endeko rol protagonistan. Baina Fernando Eimbckek handi samar dauka Club Sándwich txikiarengatik jantzi duen zuzendari onenaren jaka eta antzeko zerbait esan liteke Pelo malo gatz gutxikoak altxa duen film onenaren Urrezko Maskorraz.
Ama-semeen harreman zailak lantzen dituzten bi film latinoamerikar saritu ditu epaimahaiak eta Sail Ofizialean ikusi ditugun film onentsuenak, Quai d’Orsay eta Le week-end, bi komedia oso europar, gutxiagorekin konformatu behar. Irizpide kontua da, noski, baina susmoa dut zinema jaialdietan beti kostatzen dela gehiago umorean ardazten diren pelikulak saritzea, arinkeria delakoan-edo.
Urteroko kontuak dira hauek, bestalde. Sail Ofizialeko film guztiak ikusi ondoren ozpinduta bukatu duten kazetariak eta kritikariak oro kontent utziko dituen epaimahairik ez dugu ikusiko beste laurogehi urtean. Ikusi beharko genukeena, eska litekeena, lehiaketarako hautatzen diren filmen maila apur bat hobetzea da. Sarituek gehiago edo gutxiago merezi, fokupean ederrago edo itsusiago atera, argazki honen atzealdea grisa izan baita 61. edizioan, Europako beste hiru jaialdi handien kondarrak jan izan bagenitu bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA