Boligrafo Gorria
Literatura
by Gorka Bereziartua
  • Literatura

Zortzi arrazoi Philippe Claudelen 'Brodecken txostena' irakurtzeko

Gorka Bereziartua
2013-10-21
1

'Brodecken txostena'-k goiko ilustrazioa zekarren edizio frantsesean.
‘Brodecken txostena’-k goiko ilustrazioa zekarren edizio frantseseko azalean.

Mereziko zuen harrerarik gabe pasatzen utzi genuen gure eskaparatetxoetatik (uler bedi, eskaparate mediatikoetatik: bi iruzkin baino ez) Philippe Claudelen Brodecken txostena (Igela, 2011). Duela gutxi irakurri dut eta baditut zortzi motibo edonori gomendatzeko. Beste hainbeste gauza ere nabarmentzen ahal zaizkio liburuari, baina kontua ez da nobela bera baino luzeagoa den gomendioak idaztea, beraz…
1.- Aurreneko esaldia: “Brodeck dut izena eta ez nuen zerikusirik izan”. Nobela bateko lehen lerroa azkenekoa bezain garrantzitsua dela badaki Philipe Claudelek eta horregatik, ondoren etorriko den ia guztia biltzen du zortzi hitzetan.
2.- Suspentsea: Brodecken txostenak ez dizu aulkitik saltaraziko orri-kantoi bakoitzean susto bat emanez, baina badauka halako tentsio sorgor bat, elkarrizketetan, narratzaileak bizi den herrian sentitzen duen arroztasunaz hitz egitean… Badakizu izugarrikeria gertatu dela. Badakizu izugarriagoa gerta daitekeela.
3.- Egitura: Eguneroko baten tankera dauka kontakizunak baina Claudelek abildade handiz egituratuta aurkezten digu, denboran atzera-aurrera ibiliz, iraganak pertsonaiengan daukan pisua dosi txikietan erakutsiz. Gako bakoitza behar den momentuan agertzen da eta ez lehenago. Asaltoka irabazten zaitu. Eta estruktura konplexu hori ez da inolaz ere istorioa ondo jarraitzeko traba.
Igelak argitaratu du Claudelen liburua.
Igelak argitaratu du Claudelen liburua.

4.- Kontzentrazio esparrua: Zein herrialdetan kokatua dagoen zehaztasunez esaten ez den arren, Europa erdiguneko nobela da, II. Mundu Gerrari egiten dizkion erreferentziek eta hizkuntzari buruzkoek argi uzten dute. Brodeckek lehen pertsonan kontatzen du kontinentearen muineko jendeek nola aldatzen duten beren buruaren kontzientzia, kultura ugari barnebiltzen zituen esparru izatetik “bertakoak-kanpotarrak” dikotomiara, azken buruan, kontzentrazio-esparruan amaitzeko.
5.- Amnesia kolektiboa: Baina istorioa gerra eta esterminio horren guztiaren ondoren hasten da eta beraz, ez nuke esango Brodecken txostenako gai zentrala Holokaustoa denik. Garrantzi handiagoa du giza erailketa masiboaren ondoren harekin kolaboratu zutenek edo, besterik gabe, gertatzen utzi zutenek darabilten ahanztura-mekanismoa. Komunitateak bere trapu zikinak estali behar ditu, baina horrek beti dauka prezio bat: zenbaiten historia ezkutatzea, Brodeckena kasu.
6.- Humanismoa: Herrikide gehienek egindako hautu amnesikoaren oso bestelakoa da Brodeckena. Pasa ditu gerra, umezurztasuna, jazarpena, bigarren gerra bat, esparruko bizimodua; bihurtu da zakur, Brodeck zakurra soldaduen zerbitzuko; biziraun du maite duen Emeliarekin bueltatu ahal izateko eta itzuli da etxera. Nola ez ditu herrikideak gorrotatzen, esparrura beraiek bidali bazuten? Zerk eutsi dio bizirik? Giza kondizioari buruzko galdera sakonak proposatzen ditu nobelak.
7.- Azpi-istorioak: Trama zentrala janzteko, irudi indartsuak eta azpi-istorio gogoangarriak baliatzen ditu Claudelek. Gerran hildakoei herrian egindako monumentuarena kasu, zeinari Brodecken izena ezabatu behar izan zioten, inork espero ez zuenean esparrutik bizirik itzuli zelako. Edo Zungfrost pertsonaia (“mingain izoztua”), txikitan adinkideen erruz ur izoztuan erori ondoren hitz-totel bihurtua. Edo Peiper apaiza, herritarrek konfesioan kontatutako bekatu sorta jasan ezinda alkoholari emana. Eta horrela beste hainbat.
8.- Itzulpena: Jatorrizkoa irakurri gabe ur hauetan sartzea ez da seguruenik oso egokia, baina esango nuke Itziar Díez de Ultzurrunek tentu handiz egin zuela lan nobela euskaratzen. Pertsonaia bakoitzaren hizkera ondo bereizten da lehen irakurritik, bustidura adierazkorrak, erregistro diferenteak, oro har nobelak daukan eite klasikoa… gozamena da euskaraz horrela irakurtzea.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

brodecken txostenaigelaphilippe claudel
1 Iruzkin
    Ikertzailea munduaren kontra | Boligrafo gorria (e)k dio: Erantzun
    2014-02-05, 17:39

    […] Claudel lehenago ere aipatu izan dugu blog honetan, Igelak itzulitako Brodecken txostena bikainaren harira. Hark utzitako zapore onak eraman ninduen […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

The Pastels eta Giorgio Bassmattiren zoriona2013-10-19
Lou Reeden heriotza eta otsoa datorrela dioen artzaina2013-10-28
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA