Kritikak, karlistak eta mito esklerotikoak

Gorka Bereziartua
14

Ataun Of The Dead filmekoak ez dira biziraun duten karlista bakarrak agian.
Ataun Of The Dead filmekoak ez dira biziraun duten karlista bakarrak agian.

Tweet ibaiak isuri dira Tumatxak programari bainaren bat ateratzen Berrian Aritz Galarragak eta Xabi Erkiziak idatzitako zutabeen harira. Sare sozial txionanteenean mota askotako epitetoek zirkulatu dute, “snob totalitario”-tik hasi eta “taliban”-eraino, “negatibismo infantila” leporatzen dutenak ahaztu gabe. Norbaitek galdetuko balit zer esplikazio duen kritika xume pare baten aurrean horrelako asaldurak, esango nioke ez dela kritika jasateko ezintasuna bakarrik —auziaren aspektu horretaz Angel Aldarondoren pieza hau dagomendat—. Harago doan arazoa dela uste dut,  gure burmuinaren zokorik sakonenean bizirauten duen karlista txikiaren kontuak direla hauek.
Gaiaz zertxobait dakien lagun batek azaldu izan didan moduan, karlismoa komunitatea baita, komunitatea über alles; eta komunitate hori gertakari batzuen inguruan egituratu eta totalizatzen da. Kasu honetan euskal kulturazale amorratuentzat —amorrua badaukatela behintzat erakutsi baitute— Tumatxak izan da ebentoa. Eta ebento horiek oso gauza delikatuak dira gure burmuinaren narrasti pusketa habitatzen duen txapelgorriarentzat: norbaitek ukitzen baditu, trabuko eta guzti saltatzen du, Calzame las alpargatas 1870eko hamarkadako Top Gazteako hit berezi eta garrantzitsuaren espirituak harturik. Beldurrak bizi baitu: gertakaria auzitan jarriz gero, bere existentzia bera ere arriskuan dagoela pentsatzeko joera dauka.
Mitoak behar ditugula zioen Idurre Eskisabelek asteazkeneko zutabean. Nik diot, mitoak zer diren ondo ulertu behar dela haien premia birika betean kantatu aurretik. Wu Mingekoek sarritan azaldu izan duten moduan, aho biko ezpatak baitira: komunitateari eusten diote eta komunitateak eusten ditu, prozesu horretan mito berriak sortuz. Baina komunitate hori pergaminoa bezala zimurtzen denean, mitoak ere esklerotizatzen hasten dira eta taldearen gainera amiltzen, gaixotasun autosuntsigarri bihurtzeraino. Momentu horretan, mito berriak bilatu behar dira.
Eta agian, momentu horretara iritsi gara.

14 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA