Pop Pilulak fanzinea aurki eskuratu ahalko dugula dio Nontzeberri webgune kulturalean irakur daitekeen albiste batek.
Julen Azpitarte nekaezina dago egitasmoaren atzean eta lehenbiziko zenbakiko kolaboratzaileen dream-teama hauek osatzen dute: Antton Iturbe, Xabier Montoia, Ibon Rodriguez, Fermin Etxegoien, Beñat Sarasola, Iñigo Bidetxea, Koldo Almandoz, Katza Aiarzaguena eta Xabier Sagardia. Eta Azpitarte bera, noski.
Egitasmoak hutsune bat bete dezake, euskaraz eta pop kulturari buruz ari diren argitalpenen apala huts samar baitago kioskoan. Gainera, lehen alean landuko diren gaiak ikusirik, pentsa liteke ohituta gaudenarekin konparatuta proposamen desberdin xamarra izango dela.
Durangoko Azokan eros dezakezue, Banizu Nizuke elkartearen txosnan. Hainbeste itxaroteak abstinentzia sindromea eragingo dizuela pentsatuz gero, Facebookeko orria ere badago eta agian han galdetuta dosia lehenago pasako dizuete.
Eguneraketa (2013-XI-17:14):
Patxi Gaztelumendik Pop Pilulaki buruzko elkarrizketa egin dio Julen Azpitarteri blogean: “Euskalgintzarekin loturarik ez duten kultura gaiak bildu nahi ditu Pop Pilulak fantzineak, pop ikuspuntu batetik abiatuta”.
4 Iruzkin
Seguru interesgarria izango dela, seguru diseinu ederrekoa izango dela, baina testosterona lartxo dago egile-kolaboratzaile artean, ezta? Ez dago pop-aren dream teamerako emakumezkorik Euskal Herrian?
Ea bigarren zenbakirako taldea osatzen duten.
Aupa!
Bai, hala da Iker, testosterona gehiegi dago; dena dela, esan behar dut, fanzinearen arduraduna naizen aldetik, bada lagunak ditudan neskei ere luzatu niela fanzinean parte hartzeko gonbita (ez dut izenik emango), baina, hamaika arrazoi tarteko, ezin izan dute parte hartu… Hortaz, alde horretatik hutsune handia dago; alegia, emakumezkoen ahotsik ez dago… udaberrian beste ale bat ateratzeko asmoa daukat, eta ea horretan hutsune NABARMEN hori konpontzen dudan… Eskerrik asko, Iker!
Oso ideia ona! Pop kulturak bere euskarazko bertsioa ere behar du izan. Noski baietz. Zorionak eta lehenengo alea ikusteko gogoarekin…
Aupa Julen,
Eskertzen da erantzuna. Lehenengoa irakurri ta bigarrenaren zain geratzen gara orduan. Animo egitasmoarekin eta ea hurrengorako hutsunea betetzerik dagoen.