Pablo Malok ezingo du Donostiako La Cumbre jauregian grabatu, Lasa eta Zabala torturatu zituzten lekuan, bahiketari buruz egingo duen filmerako. Gaur jakin dugu Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako azpiordezkaritzak ez duela baimenik eman. Albiste berak dioenez, garagardo marka batek Malori eskatu dio bere produktuak ez daitezela filmean agertu.
Asko hitz egiten dugu aro politiko berriaz, ETAren desagerpenarekin hartutako arnasaz eta blablabla, baina zineman kondenaren mantratik harago joango diren euskal gatazkari buruzko ikuspuntuak emateko posibilitateei erreparatzen badiegu, gaurko argazkiak eta duela bi, hiru, lau hamarkadakoak izugarrizko antza dute. Fikzioaren bidez egiten den politikan, bestelakoan bezala, distentsiorik ez; are gutxiago estolderian zirrikituak. Hor ez da komeni airea sartzerik.
Zorionez, zailtasunak gainditzean ikusleek erantzuten dute. Malori eman ez dioten baimenaren ifrentzua Donostiako txarteldegiek eman digute: Asier eta biok azken astean gehien ikusi den hirugarren filma da.