Abiadura Handiko Kultur Hiriburua

Gorka Bereziartua
2


Donostia 2016ren lema zeukan Igeldoko mendi graffitiaren ordez AHTren kontrakoa egin zuten Mugitu!-ko kideek.
Donostia 2016ren lema zeukan Igeldoko mendi graffitiaren ordez AHTren kontrakoa egin zuten Mugitu!-ko kideek.

Graffiti batekin hasi zen dena: Mugitu!-koek (AHTren kontrako desobedientzia mugimendua) Igeldon zegoen Donostia 2016ren logoaren ordez tren erraldoiaren aurkako lema jarri eta atzetik etorri den erreakzio katearekin harrituta geratu ziren. “Sabotaia”, “Donostia 2016ri boikota”… Epiteto itsusiak herritarren protesta baketsu batentzat.
Zer duten amankomunean Donostia bi urte barru Europako Kultur Hiriburu izateak eta Abiadura Handiko Trenak? Hiru lagun aritu ziren asteartean bi egitasmoen arteko harremanaz Gros auzoko Kortxoenea gaztetxean.
Hirien merkatuan kultura amua da
Unai Fernandez de Betoño EHUko hirigintza irakasleak zabaldu zuen saioa Mikel Alvarezen sarrera hitzen ondotik. Eskala globaletik abiatuta kokatu zuen Donostiari datorkion eraldaketa. Bizi dugun garaian hiriek duten garrantzia azpimarratu zuen (munduko biztanleriaren erdia hirietan bizi baita); eta seinalatu, hiriok etengabeko hazkundearen paradigma oinarri hartuta ari direla garatzen.
Euskal Autonomia Erkidegoa, adibidez, hiri jarrai bakarra balitz bezala aurreikusten da, AHT bizkarrezur, munduko beste hiri-markekin lehian nork erakarriko inbertsore handiak.
Zein da kulturaren rola hirigintza eredu horren baitan? Makillajea, Fernandez de Betoñoren ustez. Ezagutzaren gizarteko hirietan sorkuntza amua da, espazio urbanoa salgarri bihurtzen du.
2016ko kointzidentziak
Santi Erasok hartu zuen hitza segidan. Donostia 2016ko proiektuaren diseinuan buru-belarri aritutakoa da eta ezer baino lehen, maila pertsonalean hitz egingo zuela argitu zuen.
2016ko proiektuaren faseak azaldu zituen. Esan zuen pertsonen arteko sareei garrantzia eman ziotela kultur hiriburuan pentsatzen hasi bezain azkar. Eta donostiar “munizipalismoa” gainditzen saiatu zirela probintziarekin eta Euskal Herriarekin elkarrizketan jarriz. Baita kultura arteetatik haragoko prismatik irudikatu zutela ere, ikuspegi antropologikoa aintzat hartuz.
Eta AHT? Erasoren aburuz tren lasterra hirira 2016ko egitasmoarekin batera iristea ez da kultur hiriburuaren bulegotik atera den ekimena.
Eta ez da, noski. Zaila da sinestea proiektu kultural batek askoz aurrekontu gizenagoak kudeatzen dituzten interesak baldintza ditzakeenik. Alderantzizkoa gertatu zenentz da inportanteagoa ordea: ea hirigintza eredu jakin baten aldeko indarrek sustatu zuten hautagaitza. Eta zein neurritan.
Banksyren graffitiak bai
Donostiako herri-mugimendu ugaritan parte hartzen duen Markel Ormazabalek hartu zuen hitza bukatzeko. 2016ko egitasmo kulturalari aurre egiteko sortu zen plataforma ekarri zuen gogora eta hasieran proiektuari egin zitzaizkion bi kritikak azpimarratu: herritarrei parte hartzeko aukera gutxi eskaintzea eta euskara baztertzea.
Olatu Talka bezalako ekimenek parte hartzearen kontua hobetu dutela nabarmendu zuen, baina oraindik hiriko kulturgintzan funtsezkotzat jotzen diren piezak bestelakoak direla (Jazzaldia, Musika Hamabostaldia eta Zinemaldia dira “Donostiako kulturaren oinarria” Juan Karlos Izagirre alkatearen arabera).
Beraz: badago bestelako kultura bat Donostian. Beti egon da. Baina nagusitzen den kontakizunak hiriaren aspektu burges eta monarkikoan jartzen du azentua. 1936ko Gerra Zibilaren atarian Donostia zenbait hilabetez komuna libertario izan zela nabarmendu zuen Ormazabalek eta hori ere ez dela azpimarratzen hiriko historia kontatzean. Perla petit borobilak saltzen du, Urbieta kalea defendatzen duten Likinianoek ez.
Graffiti batekin hasi zena graffiti batekin bukatu zen. Ideia Beltzen Brigadako kideek 2010ean egindako Banksyren estiloko pintaketak orduko kultura zinegotzi Denis Itxaso ataka estuan jarri zuela erakutsi zuen donostiar gazteak bideo baten bidez: ustez nazioarteko sona duen artistak egindako lana ezabatu ala ez erabakitzeko batzorde bat osatu beharko litzatekeela esatera iritsi zen Itxaso ETBko informatiboetan. Banksyren graffiti batek Donostia salgarri egiten baitu. AHTren kontrako batek, ez hainbeste.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA