"Selfie" herrikoiaren aurrean, prebentzioa

Gorka Bereziartua
0

Samuel L. Jacksonek lagunduko digu prebentzio lanean, zorionez.
Samuel L. Jacksonek lagunduko digu prebentzio lanean, zorionez.

Esan “selfie” berriz. Esan “selfie” berriz, apustua da, apustu bikoitza da urde kabroia, esan “selfie” beste aldi madarikatu batez!
Zuk ere zure barruko Samuel L. Jackson pulpfictiondarra kontrolatu behar duzu azkenaldian modan jarri den hitza entzuten duzun bakoitzean? Ur-pistola bat edukiko bazenu muturrak blaituko zenizkioke “selfie” esaten duenari? Lasai, ez zara bakarra. Azkeneko Oscar sarietatik amonaren biloba orok dio “selfie” okasioa duen bakoitzean, “autoerretratu” erabili ordez, adibidez; eta, berbaren zirkulazio mainstreamaz berandu jabetu garenok ere botaka ari gara.
Sare sozialetako komunikazio abiadurak badauka zerikusirik hitz eta espresio berrien gorakada eta beheraldi dragoikhandarrekin. Akordatzen zarete hau, hura edo bestea “UPyD da” esaten zenuten garaiaz? 2011 amaieran edo izango zen, e? Hortik aurrera, ya tal.
Eta, ez dakit irudipen bera duzuen baina, #AgonicModeOn jarrita, uste dut honetan ere euskarak beste erritmo bat daukala, mantsoagoa. Arraro-arraroa ere ez da, kontuan izanda pertsonaia publiko euzkotar gehienak erdaraz kaskoporrorat hizketan entzuten ditugula eta mota honetako esaldi eta hitzak hedabide nagusien bidez zabaltzen direla askotan.
Problema konpontzea zaila denez, egin dezagun prebentzio lana gutxienez. “Selfie”-ak egin eta “selfie” deitzeko moda pasako da, pasatzen ari da, pasa da jadanik akaso. Bada, esan egin behar da. Bestela, arriskua dago borondate onenarekin norbaitek “selfie herrikoi” bat antolatzeko munduko kausa nobleenaren alde eta tendentzia bihurtzea nazional mailan.
Lip-dubekin Euskal Herrian pasa zena kontuan edukita, beldur pixka bat edukitzeko motiboak baditugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA