Dena kaka zaharra dela eta gainera kaka zahar hori usteltzen ari dela dioen lagun horietako bat daukazu? Lagun hori ez da, kasualitatez, kulturarekin lotutako zerbaitetan ariko, ezta? Agian zu zeu zara. Agian neu naiz. Agian kontra daukagun klimatologiak bihurtzen gaitu pixka bat dramatiko, ezkor, hautsontzi. Baina beti ezingo gara ezkorrean trabatu. Are gutxiago (“… posmodernismoa, retaguardia!” ejem, barka) inguruan martxan dauden edo jarriko diren ekimenak ikusita. Hona animoa goxatzen duten hiru.
Paperezko kontzertuak: Joan den igandean Zarauzko Garoa liburu dendan antolatzen duten Paperezko Kontzertuak programako saio bat entzun genuen. Neil Halstead (Mohave 3 ohia) 40 lagunentzako, giro intimoan, etxeko salan bezala ia. Oier Aranzabalek egin zituen zeremonia-maisu lanak asteburu horretan bertan Donostian eta Oloten (Herrialde Katalanak) jo ondoren apur bat nekatuta iritsi zen musikariarentzat. Lehenago Bide Ertzean, Audience, Anari, Gari eta Mursego ere pasa dira eta MobyDick izango da hurrengoa. Datozen hiru zitak zein izango diren ere badakigu, baina ezin esan oraindik –bihotz garbikoak izatearen minak–.
Antzerki labea: Dejabu panpin laborategia (Gure bide galduak antzezlan aparta egin zuen taldea) saio monografikoak antolatzen ari da Errenterian. Irakasle espezializatuak gonbidatuz, antzerkiaren inguruko prestakuntza saioak egitea da kontua. Iazko abenduan izan zen aurrenekoa eta hurrengoa apirilaren 11tik 13ra egingo dute. Roger Ribó antzezle, antzerki zuzendari eta irakasleak gidatuko duen ikastaroan maskaren erabileran zentratuko dira, aktore-entrenamenduarentzat ezinbesteko tresna direla ulertuta.
Berrirakurtzen: Ekimen berriena Memory Dump kolektiboak aurkeztu duen Berrirakurtzen zikloa da. Hainbat pertsonari gustuko duten liburu bat aukeratu eta horren inguruko bere berrirakurketa aurkezteko eskatu diote. Aste honetan egin dute lehenbiziko berrirakurle plantillaren aurkezpena (“fiu!”, bat atera diguna gauzak aitortzen hasita). Ohiko irakurle talde batean ez bezala, antolatzaileek (Artelekuko azpitaldea sortu dute Jon Benitok eta Beñat Sarasolak) ez diote publikoari eskatzen liburua irakurrita eraman dezatela, “esperientzia aberasgarri, ireki eta artistiko bat” planteatzea baita helburua. Lehen berrirakurketa martxoaren 27an, Alberto Moyano aka El Jukeboxekilan.
1 Iruzkin
[…] mugida koxkorra daukate antolatua dendaren inguruan (hemen hitz egin izan dugu Paperezko kontzertuak ekimenaz, baina beste karrokada bat ere antolatzen […]