Kalapita eta kapitala hoskide dira eta ez nolanahi Donostian. Istilua dugu berriz ere 2016ko zitaren inguruan, oraingoan Itziar Nogeras Hiriburu Kulturaleko zuzendari orokorraren dimisioa dela-eta.
Asteartea egun arraro horietako bat izan zen egitasmoari buruzko berriak eman behar dituzten kazetarientzat: 2016ko Fundazioaren Patronatuak –Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Kultura ministerioa– eta Kultur Hiriburuko bulegoak bilera zeukaten 16:00etan, besteak beste hitz egiteko 2014ko aurrekontuaz eta programaren aurrerapenaz.
Hasi baino lehen Nogerasek 18:00etarako prentsari dei egin zion. Zurrumurru zirkulazioa. Jarritako ordutik 45 minutu paseak direnean prentsaurrekoa bertan behera geratu dela jakinarazten da. Zuzendari orokorrak bere kargua Patronatuaren esku utzi duela argitaratzen da gero. Eta asteazkenean dimisioa behin betikoa egiten da –Donostiako Udaleko alderdi guztiek onartutako proposamen batek ez zion orain arteko zuzendariari beste aukerarik uzten, egia esan–.
Gertatu dena arraro samarra dela uste baduzu bagara bi. Donostia 2016ko bulego barruko eztabaidak eta politikarien aldetik Nogerasek sumatu duen konfiantza falta izan litezke dimisioaren eragileak, nahiz eta kargua uzteko erabakiaz azalpen zehatzak zuzendari orokor ohiak berak emango dituen ostegun goizean.
Barne aferak
Juan Gonzalez Andrések Noticias de Gipuzkoan asteazkenean argitaratu duen artikuluan seinalatzen du Nogeras ez dela ondo moldatu Guadalupe Echevarriarekin. Echevarria iazko uztailaren amaieratik dago 2016ko bulegoan, Eusko Jaurlaritzaren eskutik sartuta, zuzendari kultural postuan.
Giro nahasian iritsi zen: Nogerasen izendapena lehiaketa publikoa egin aurretik lotuta zegoela zioten albisteak argitaratu ondoren, Espainiako Kultura ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak susmoak agertu zituzten. Astebetez hodei ilunak ibili ziren Hiriburu Kulturalaren gainean baina Patronatua biltzen da (uztailak 11) eta erakunde eszeptikoek ere –Jaurlaritzak eta ministerioak, alegia– zuzendari orokorraren izendapena balekotzat ematen dute.
Gero etorriko den Echevarriaren izendapena isiltasun horren truke Jaurlaritzak jasotako ordaina ote den ez dago argi, ezta zuzendari orokorrarekin azkeneko urte erdian izan duen harremana nolakoa izan den ere. Noticiaseko artikuluak dio Nogerasek asteartean baldintza batzuk eskatu zituela aske lan egin ahal izateko, tartean, iradokitzen denez, Echevarriak daukan pisua gutxitzea.
Patronatuarekin harremana
Problema Donostia 2016ko lan taldeko tirabiretara mugatzea motz geratzea dela uste duenik ere bada ordea. Eta benetako arazoa proiektuan bertan baino beste nonbait dagoela: haren bitartez lor daitezkeen etekin politikoak nork bereganatzen dituen. Hiriburu Kulturaleko bulegoan lanean ari direnek, azken egunotako albiste gehienak prentsaren bidez jaso dituztela esatearekin batera, diote beste ezer baino gehiago egonkortasuna nahi dutela; eta hori lortzeko oztopo izaten ari dela erakundeen arteko gerra, zenbait erabaki atzeratzeraino.
Bulegoaren eta Patronatuaren arteko ezin konpondu horrek esplikatuko luke, hein batean, Nogerasen dimisioak alderdien aldetik jaso duen azken bultzada ia aho batekoa. Asko harritu egin dira Juan Karlos Izagirre “minduta” dagoela entzunda.
Eta orain zer? 2016a gertu dago, baina gertuago 2015ean egitekoak diren udal hauteskundeak. Donostian Kultur Hiriburuaren gaia kanpainako puntu beroetako bat izango da martxa honetan eta hori ez da batere ona proiektuarentzat, bertan lanean ari direnentzat eta azken finean, ezta erakundeentzat ere. Ostiralean biltzekoa da Patronatua egoera aztertzeko. Zuzendari berria hautatzeko lehiaketa martxan jarriko ote dute? Hala bada, nork aurkeztu nahiko ditu bere ipurmasailak hain bero dagoen aulkian esertzeko?
2 Iruzkin
[…] Itziar Nogeras, Donostia 2016 dardarka utzi dituen bi egun. Boligrafo gorria. Argia […]
[…] Donostia 2016 dardarka utzi duten bi egun (Gorka Bereziartua, […]