Badirudi Donostia 2016 azken asteotan astindu duen denboralearen olatua ez dela bosgarren zubiraino iritsi. Astebete pasa da Itziar Nogerasek dimititu ondoren Hiriburu Kulturaleko Fundazioaren Patronatuak (Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak, Jaurlaritzak eta Espainiako Kultura ministerioak) erabaki zuenetik hobe zela geratzen zen zuzendaritza desegitea; eta zegoenaren partez, behin behinean, Xabi Payak, Enara Garciak eta Garbiñe Muñoak osatutako hirukoa proiektuaren kargu jarri zuenetik.
Orain zuzendari orokorra bilatzea litzateke hurrengo urratsa. 2016ko aulki beroenean nor eseriko den jakiteko zenbat denbora beharko den galdetzen duzunean “ahalik eta azkarren” da erantzuna, baina horrelako kargu baterako hautaketak hiru eta sei hilabete artean iraun dezake eta, azkar egiten hasita ere, hilabete baino gehiago pasako dela dirudi. Hori, Usain Boltek ere ametsetan baino egiten ez duen sprint batekin.
Formula ere ez dago argi. Lehiaketa publiko berri bat? Ez da, antza denez, erakundeek gustukoen duten bidea, Nogerasen dimisio zaratatsuaren ostean sortu den nahasmena baretzeko erabaki azkarragoen alde egitea hobetsi baita –joan den astean zuzendaritza osoa kentzeko erabakiarekin ikusi zen moduan–. Bestelako formula juridikoak aztertzen ari dira eta, aukeren artean, lehiaketaren tramitea beharko ez luketen posibilitateak mahai gainean daude, etxe barruko norbait zuzendari jartzea kasu –Alberto Moyano Diario Vascoko kazetariak aurreratu zuen hori joan den astean Teledonostin–.
Zuzendari orokor berria edozein dela ere, 2016. urtea iristeko urte eta erdi eskas falta dela, geroz eta argiago ikusten da proiektuari aurpegia jarriko dion pertsona, irudi publikoa eta programazioaren ideologoa Xabi Paya dela. Bera da joan den astean Patronatuari aurkeztu zitzaion programaren aurrerapenaren arduraduna –deigarria, kontuan izanda Guadalupe Echevarria zela proiektuko zuzendari kulturala eta beraz, hari zegokiola lan hori–; eta horrez gain, Algortako bertsolari eta itzultzailearen komunikazio gaitasunak lagun diezaioke organigraman garrantzia irabazten. Akaso, zuzendari berriak erretagoardiako zereginak bete ditzake, Payaren esku utziz lehen lerroko beharrak.
Komunikazioa baita orain erronka. Herritarrak proiektuaren nondik norakoez informatzea jarri du 2016ko Patronatuak helburu eta horretarako, prentsarekin harremana azkartzea ezinbestekoa da. Zenbaitek uste du Itziar Nogeras kargura iritsi zen modu polemikoak egitasmoari komunikazio arazoak ekarri dizkiola, informazioa “modu defentsiboan” kudeatu dela azken urte erdian, hedabideek argitaratu zezaketenaren beldur. Eta hori saihestu nahi da aurrerantzean, fokupean jarrera aktiboagoa izango duten arduradunekin. Lehen urratsa gaur bertan eman dute, bulegoan ari diren langileen prentsaurrekoarekin.
Zuzendaritzan etorriko diren aldaketez gain, Patronatua ere bilera gehiago egiten ari da: astero, zehazki. Olatua ez baita akaso Loiolaraino iritsi, baina beso guztiak ondo etorriko dira ura gainezka egin duen lekuetatik baldeka ateratzeko.
Dimisioen denborale ostean Donostia 2016k komunikazioa indartu nahi du
Gorka Bereziartua
1 Iruzkin
[…] Argia […]