Oso komentatua ari da izaten Rockdelux aldizkariak Nacho Vegasi egin dion azken elkarrizketa. Eta ez kontu musikalengatik, hain juxtu. Gauza jakina da Vegas azken urteotan Espainiako Estatuko zenbait herri mugimenduren alde agertu izan dela, M15 izena hartu duen kontzientzia egoera horretatik gertu dabilela eta hori antzematen dela bere kantetan ere (entzun azken diskoko Runrun konparazione). Engaiamendu horretan atzamarra sartu nahian edo, kazetariak honakoa galdetzen dio:
Zein da zure egoera ekonomikoa? Ze jabetza dauzkazu? Bekatutik libre al zaude lehen harria botatzeko?
Erantzuna zapla totala da, lehen irakurrian ia txaloka jartzen zaituen horietakoa:
Ez daukat jabetzarik, alokairuan bizi naiz eta nire lanarekin ateratzen dut bizimodua. Ez daukat ezer aurreztuta ere, autoeditatu egiten baitut Marxophone bidez eta disko batek sor ditzakeen irabaziak hurrengoan inbertitzen ditugu. Edonola, zu egiten saiatu zaren hori, norbaiten posizio politikoa zalantzan jartzea ad hominem argudioak erabiliz, oso kutrea izateaz aparte, konprometitzen ez dakien norbaiten jarrera erreakzionario tipikoa da eta bilatzen du besteen konpromisoak lurperatzea. Pena ematen dit, adiskidea, 50 urteak hain gaizki bete dituzula ikusteak.
Baina gero, pentsatzen hasten zara. Ea zergatik argitaratu den galdera-erantzun hori, kazetariaren lana hain zalantzan jartzen duena (edo, penagarriagoa oraindik, ziniko huts baten itxuran erretratatzen duena).
Elkarrizketa guztietan egon daitezke esaten diren eta gero sartzen ez diren gauzak, gudu txikiak, zeureganatzen saiatu ondoren behin betiko abandonatzen dituzun muinoak, tiro gurutzatuak, sorbaldan asmatzen dizuten perdigoiak. Segun eta nola joaten den gauza, gerra zibil baten antzekoa izatera iritsi daiteke, diferentzia batekin: bi gudarietako batek, galderak egiten dituenak, beti daukala garaile ateratzeko aukera. Gustatzen ez zaiona ez du sartzen. Elkarrizketari erantzun dionak argitaratu aurretik eska dezake testua baina, kontzesio horri ere uko egiten ahal dio gure gremioko edonork.
Zergatik, orduan, hain gaizki uzten zaituen pasarte bat argitaratu?
Profesionaltasunagatik, esango du baten batek. Eta nik diot, meh.
Iruditzen zait beste zerbaitek motibatu duela: espektakuluak. Berdin baitio edukiak, ahaztu musika, utikan kultura, estu gabiltza eta aldizkariak saldu behar ditugu eta pagatzen digutenek zirkua eskatzen dute ogia eskatzea debekatuta dagoenez. Rockdeluxek badaki elkarrizketa komentatuagoa izango dela Vegasen erantzun haserretu batekin hura gabe baino —horren froga garbi bat post hau bera dela seinalatu nahi duzuenok, bai, badakigu—.
Hobe da jendeak esatea “begira ze elkarrizketa inpresentablea egin dioten Nacho Vegasi Rockdeluxen”, Rockeluxen argitaratu den edozertaz deus ez esatea baino. Aldizkaria erosi ez duenak orriak eskaneatuta pasa dizkiotelako irakurri du. Kontuek koadratzen dute.
Horrela begiratuta, prentsaren krisiaz (eta ez naiz ekonomiaz ari, funtzio sozialaz baizik) egin daitekeen erretratu zehatzenetariko bat eskaini du kontu honek. Tristea panorama.
1 Iruzkin
Bueno Gorka, ad hominem kontu hori ezin da izan langa gaindiezin bat. Zuk eta biok ere izan genuen engantxada fuerte xamar bat eta gauza bera leporatu zenidan, ad hominem erasotuaz defendatzen nuela nire burua, eta bai, egia zen, baina kolega, ikusten baldin baduzu, adibidez, eta ez doa zugatik, noski, demagun hamalau-hamabost paga dituen futnzionario batek, zer esango dugu, ba behin eta berriro manifesto komunistak idazten dabilela, hori bai, nobela edo poema forma emanda, edo Indautxu erdian bizi diren katedratikoak Bilbin bizi garenon ustezko jarrera xenofoboen gainean johnlenonaniadak botatzen, hain zuzen ere Dakota eraikinean bizi direlako, etabar, ba potroak ikutzen dizkizute with their song eta ez batere softly, eta esango nuke honelako adibideak hamaika eta hamaika daudela gurean, diskurtso mailan munduaren aurrean super ondo gelditzearena, gure inertzia intelektual errotuenetakoa, zinez infantila, heldutasunik erdietsi ez duen gizarte beti-adoleszente bati dagokiona, non eta diskurtsoa eta bizimodua erabat disoziatzea ohikoena baita, erabat… eta ez, kolega: batzuetan kontu eske aritzea zilegia da, beharrezkoa ere, esango nuke, diskurtso batek izan dezakeen osotasuna, ala ez, erakuts dezan.
Zuk defendatzen duzuna bat dator Salvame Delux-eko kazetari batzuek, adibidez Lidia Lozanok -suposatzen dut ez duzula ezagutuko- erabiltzen duen argudioarekin, bere burua ad mulierem erasotua sentitzen duenerako: bera ez dela pertsonaia bat esaten du Lidiak, eta inork ez lukeela bere bizitzaren berri zabaldu behar, anti-etikoa delakoan, Lidiak bizitzan besterik egin ez badu ere. Beraz-eta, Bilbin esaten den moduan, de puta a puta taconazo… eta interneten, takoiak are zorrotzago.