Deituidazue nostalgiko, berdin zait: norbaitek 1980-90eko hamarkadako maketa pila bat sarera igotzeko lana hartzen duenean, ia hunkitu egiten naiz.
Tweet goiztiar bati esker jakinarazi digu Amodio Jaunak badela Youtubeko kanal bat lan hori egiten ari dena eta hemen gomendatzeko behar kontrolagaitza sentitu dut.
“Proiektu estrategiko” gisa sailkatu beharko litzatekeen gauza horietako bat iruditu zait lehen begi kolpean (bide batez, probestuko dut Ekaitzaldiri buruz esandakoak berriz gogora ekartzeko).
Kanala kudeatzen duenak dioenez, gaztea zenean entzuten zituen musikak ahaztu ez daitezen sortu du. Talde asko ezagutzeko balioko digu beste askori.
Eguneraketa (2014-V-19, 17:42):
Amodio Jaunak dio berak kanala Inaxio Esnaolari esker ezagutu duela eta Inaxio Esnaolak dio Gotzon Castro bizkaitarra dagoela egitasmoaren atzean. Zorionak ba Gotzon, egindako lanarengatik. Eta eskerrik asko aurrerantzean egingo duzunarengatik.