Martxa honetan Michel Houellebecqek gauza zaila lortu behar du: iraileko Frantziako Estatuko rentrée literarioan jaun eta jabe izatea, liburu berririk idazteko lanik hartu gabe. Film bati esker egingo du balentria: L’Enlèvement de Michel Houellebecq. Arte telebista katean abuztuaren 27an eman zuten eta (nik dakidanez) Euskal Herriko bi zinema aretotan (Iruñeko Golem Yamaguchin eta Donostiako Trueban) ere ikus daiteke Guillaume Niclouxek zuzendutako lana.
Zurrumurru batekin abiatzen da dena: Frantziako letren enfant terriblea desagertu egin zen 2011. urtean, orain arte publikatu duen azken nobelaren (La carte et le territoire) promozioa egiten ari zen garaian. Zabaldu zen bahitu egin zutela. Zenbait informazioren arabera Al-Qaedaren esku egon omen zitekeen. Non sartu zen? Noren esku egon zen? Filmak gertakarien kontakizun posible bat egiten du, ez benetakoa, ezta oso egiantzekoa ere, baina gutxienez dibertigarria.
Dokumental faltsu bat izatera iritsi gabe, genero horretara hurbiltzen da pelikula. Hasiera mantso samarra egin zitzaidan: idazlea erakusten du, batera eta bestera, honekin eta harekin hizketan, ahapeka ia, apur bat desorientatuta, ahul, etengabe erretzen, bere nobeletako ahots probokatzaile horren antipodetan. Tipo batzuek etxeko atariraino segi, igogailuan berarekin sartu, bizi den pisuko salaraino bultzaka eraman eta bahitzen duten arte. Kutxa batean sartuta aterako dute etxetik eta hiritik aparte dagoen aitona-amona batzuen etxean edukiko.
Istorioak puntu horretara iristen denean hartzen du norabidea, Kaurismäkiren Le Havre gogora ekartzen duen errealizazio lanarekin. Paul Austerren The inner life of Martin Frost film failatuaren oihartzunen bat ere ekarri dit, nahiz eta hark ez bezala, Houellebecqen bahiketari buruzko honek ez daukan asmorik sorkuntza literarioari buruzko argumentu alegorikorik eraikitzeko, ezta off ahots baten bidez kaka guztia esplikatzeko ere.
Pertsonaia esplotatzen du: bahitzaileekin eguneroko harremanean ileetatik tiraka bukatzeraino gogaikarri izan daitekeen idazlea, metxero bat eskatzen duelako etengabe, eztabaidetan ez duelako amore ematen, arraroa delako oso…
Labur esateko, filma ez da se-ku-la-ko mai-su-la-na, baina momentu dibertigarri bat baino gehiago dauzka (inoiz ez nuen pentsatuko Houellebecq ikusiko nuenik kickboxing egiten). Pentsatzen dut idazlea nor den ez dakienari ez diola hainbesteko graziarik egingo. Baina ez dakit. Niri balio izan dit Houellebecq domestikoa nola izan daitekeen imaginatzeko. Eta liburuetan nahiago dudala jabetzeko.