Salbaia ez, bai ordea maskulinoa

Gorka Bereziartua
0

Haurren zaintza amari egokitu ostean, aitak erabakiko du haiek hartu eta ihes egitea
Haurren zaintza amari egokitu ostean, aitak erabakiko du haiek hartu eta ihes egitea

Bazkalosteko siesta dramatizatzeko jartzen duten telefilm horietako baten tankera hartu diot Vie sauvage ekoizpen frantziarrari. Semeak bahitu eta hamar urtez inguru urbanoetatik kanpo heziko dituen aitaren istorio ahul xamarrarekin bukatu da Sail Ofizialean lehian ziren filmen zerrenda.

Inolako arrisku narratiborik hartu gabe kontatzen zaigu aita-semeen bizimodua, etxe batetik bestera, sutondotik sutondora, nabarmentzeko moduko deus gutxirekin, seme zaharrena, jada kozkortuta, maitemintzen den arte.
Intentsitate apur bat daukan une bakarra hori da, izan ere, aitaren bikote batek ihesean dabilen familia dela deskubritzen duenean ere tentsio narratiborik gabe pasatzen da. Betelaneko minutu pila, erritmo geldo samarrean eta filmean baino beste nonbait dagoela dirudien Mathieu Kassovitz batekin.
Pelikula benetako gertaeretan oinarrituta dagoela jakinda, ezin saihestu pentsatzea istorio interesgarriena beste aldean geratu dela, kontatu gabe: 10 urtez haurren bila aritu zen amaren ibilbidean, hippy bat izatetik emakume kontserbadore baten itxura hartzerainoko transformazioa egiten baitu. Baina ez daukagu arrastorik ere zer pasa zaion tartean.
Zergatik jarri da fokua gizon bahitzailearengan eta ez haurrak kendu dizkioten emakumearengan? Optika maskulino hegemonikoarengatik, seguruenik. Filmak duen akatsik handiena da nire ustez, ikuspuntu parekide batek fikzioari ere beste zerbait eskainiko baitzion.
SAIL OFIZIALA
Vie sauvage
Zuzendaria: Cèdric Kahn
Aktoreak: Mathieu Kassovitz, Céline Sallette
Frantzia
106 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA