Intuchables arrakastatsuaren zuzendariek itxi dute Sail Ofiziala, immigrazioa bezalako gai konplikatuarekin tragikomedia bat eginez.
Film “komertzialak” aukeratu ohi dituzte lehiaketaz kanpo Zinemaldiko sail nagusia ixteko eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Berrikuntza handirik ez daukan Samba gustura ikusten da hala ere, errazkerian erortzen ez den umoreari esker.
Bi aktore protagonisten lan txukunak errazten du metraje luze samarreko filmak aurrera egitea eta amaieran bakarrik bihurtzen da istorioa zalantzatiago.
Ekoizpen entretenigarria da. Maitasun istorio nahiko ohikoa, aukeratutako testuinguruarekin drama gordina egin ordez (Frantziatik kanporatua izateko zorian dagoen senegaldarraren papera jokatzen du Omar Syk), egoera horretan bizi diren pertsonen egunerokotasunari bestelako ikuspuntu batetik begiratzea lortu dute zuzendariek.
SAIL OFIZIALA (lehiaketatik kanpo)
Samba
Zuzendariak: Eric Toledano, Olivier Nakache
Aktoreak: Omar Sy, Charlotte Gainsbourg, Tahar Rahim
Frantzia
115 minutu